Garai latzak ziren haiek gure herriarentzat. Bertako hamasei gazte abertzalek epaiketa militar bati aurre egin behar zioten eta beraietako batek baino gehiagok herio epaiketa jasan zezakeen. Gauzak horrela, mundu guztia zegoen zer gerta begira Burgoseko hiriari, eta ZERUKO ARGIAk ere "Epaiketa Burgosen" nabarmentzen zuen bere lehen orrialdean, Gaztelako hiri horretan zetzan kuartel militarraren argazkia eskainiz.
BURGOS, BURGOS...
"Inoiz entzun ote da egun auetan ainbat aldiz uri horren izena?" galdetzen zion aldizkariak bere buruari. "Eta ba ote da irakurtzen dakianik, goizero edo astero eskura datorkion izparringian izen ori aurkitu ez duanik?". Bistan da, erantzuna ezezkoa izango zelakoan zen galdetzailea. Izan ere, bazter guztietara zabaldu zen epaiketa bidegabe haren berria. Eta hanka sartzeko arriskurik batere gabe esatea zegoen gure aldizkariak baieztatzen zuena: "Nornaik ba-daki zergatik gertatu den ori, zerk banatuarazi duan mundura Burgosen izena". Jarraian, baina, han gertatzen ari zenaz astekariak zeukan iritzia zetorren: "Uri orretan erabakitzen dan auzian, 16 euskaldun abertzale dira epaituak, beren erriaren nortasuna iritxi naiez ari izan duten azpilanarengatik. Lan orretan, ba-dira ilketak, atrakoak... orrelako burruka batek geienetan berekin izaten dituan gauzak. Ba-da munduan amaika orrelako auzi! Politika goraberak sortzen dituzten arazoak dira, ez dira gaiztakeriaren ondorenak. Eta auzi oiek, zer pentsa aundia ematen diote edozeini, zenbait aitzakia ba-direlako zuzentasun kontuan. Nori etzaio buruan sortzen onako galdera au, epaiketa oiek direla-ta: Indarrak aldez beste gertatu ba'lira gorabera ontan, epaileak
eta epaituak ere, ez ote ziran era berean gertatuko?".
SALBUESPENAK SALBUESPEN
Galdera ausarta xamarra zen, orduan egiteko. Izan ere, Francoren diktadurapean ez zegoen ongi ikusia indarrean zeuden lege eta erabakiak zalantzan jartzea. Gainera, epaiketa militarra zela-eta, badaezpada ez bazen greba eta mobilizazio asko egin zirelako, hiru hilabeteko salbuespen egoera dekretuz ezarria zuen Espainiako Gobernuak. Zer zen salbuespen egoera? Hitz gutxitan, hiritarrek zeuzkaten eskubide apurren deuseztatze erabatekoa: adibidez, edozein unetan sar zintzaketen preso (beno, hori bestela ere bai, baina oraingoan aitzakiarik asmatu gabe) eta komisaldegian "sine die" eduki. Horregatik-edo, geografiaz baliatzen zen idazlea egindako baieztapen horren argibideak emateko orduan: "Bai Briafarrak gudan nagusi atera izan ba'lira, nijeriarrek ez zuten lanik izango aiek epaitzen. Eta zenbat Biafra eta Nijeria dago munduan? Baina orduan ere, galdera berdiña egin bearko genduan. Orduan ere auziak zuzentasunik ezaren arrixku berdina izanen zun. Zergatik? Orduan ere, bi burrukarietako bat bestearen epaile izanen zelako; eta epailea, bere auzian izanen zelako epaile. Eta mundu guziak ba-daki -eta ez gaur goizetik-, ori ez dala zuzen epaitzeko biderik onena".
NOR IZATEA EUSKAL HERRIAN
Lehen orrialdean garbi hitz egin zutela Burgoseko epaiketaz eta, editorialean beste gai bati heltzen zion Z. ARGIAk: euskaldunon herrian nor izatea zer zen azaltzen zuen. Ez pentsa edonork lor dezakeen kategoria denik! Hemerotekan jaso dugu, baina hona hemen pasarte bat, egundokoa nire ustez: "Nor izateko bakoitzak bere biotza sendotu behar du, errazkeriak bazterturik bide zuzenari jarrai dezaion. On egiteari ekin dezaion. Gizarte obeago bat egitearren burrukatu dedin. Bakarkaeria eta setakeria zokoraturik besteekin elkartu dedin mundugintza jatorrerako. Norbait jakina izan bear du nor izateko, GIZON OSOA izateko. Gizonak nor izateko gizakera jakiña behar du. Molde berdiñean akats eta doai berdiñekin egiten diran gizonak ez dira NOR ez dira GIZONAK". Hemen utziko dugu. Ni emakumea naiz eta, beraz, ez dut erantzun beharrik somatzen, baina zuek, gizonezkook, bazarete edo ez zarete GIZON OSOAK?
DINAMITA
Mikel Ugalde, 1970-XII-13 Etxean, txoko batean, leku goxoenean, illunpean, dinamita kaja bat dut gordea. Ez da, ez, oso txikia, etxe bat ez ezik, herri bat menperatu lezakean dinamita baita. Harma ikaragarri honen izenak ez gaitu bildurtzen, bere indar zatarra ez dugu aintzakotzat hartzen. Etxe gehienetan eskuratu arte onik ez da izaten, hau dala ta, gai honek eman du buruhausterik franko hamaika familiatan. Laztankiro zaintzen dugu abereak eta zahardadeak honda ez dezan. Askotan, ordea, gehienetan nik uste, pozoi kaltegarria denik ez gera ohartzen. Kaja honek, anitz etxetan jarria duzuen dinamita kajak, telebisioa du izena (...)
NOR IZATEA
Editoriala, 1970-XII-13 Norbait gizaseme edo emakume dala adierazteko "pertsona eta kristaua" itzak erabiltzen ditugu. Au da, alako ez dala gauza soil edo abere uts bat bakarrik, adierazteko pertsona dala, kristau dala esan oi dugu. Pertsona eta kristaua ez dira biak berdin, baiña berdin balira bezela erabilli oi ditu erriak. Baiña euskaldunontzat pertsona asko izan ditezke nor ez diranak. Nor-bere buruaren jabe izateari, nor-bere eginkizunak betetzeari, emandako itza ez jateari, nor-bere lanetik bizitzeari, nor-bere bizibidea moldatzeari, aldakorra ez izateari, nor-bere iritziak eta jokabideak eukitzeari... nor izatea deitzen dio euskaldunak. Nor ez danari, gixona, gixaxoa, utsa, ezereza... deitzen dio. Ez jakiña, diru-zalea, erosoa, tripazaia, kaxkariña, kontakatillua, alferra... ez dira nor Euskalerrian. Gixaixoa deitzen dio besteren esanetara, besteren iritzira, besteren mendeko erabat jartzen danari. Egoskor, berea besterik aditzen ez duanari. Txoropito, bere buruaren jabe ez danari. Oillo, bere eginkizunak betetzeko kemenik ez duanari. Ustel eta zerri, emandako itza betetzen ez dakianari. Axari, bestea galdu naian zipoka dabillenari. Sokor-mazo ezjakin arloteari. Zer eskatzen dio Euskalerriak pertsonari aho betean GIZONA deitzeko? Nor izatea, askatasuna erabiltzen jakitea, erantzunkizun osoz bizitzako jokabideak aukeratzea eta erabakitzea, burrukan iraunkor eta trebe izatea, buruz eta arrazoiz jokatzea, izketan eta entzuten jakitea, lan egitea, gizartekoi eta erri-maite azaltzea. (...)