argia.eus
INPRIMATU
MOBILLA
IƱaki Murua 2007ko otsailaren 21a
Zein ote luke izenik aproposena, "mobilla" ala mugikorra? Biak ere nahiko zailak dira jende helduarentzat. Gure amak behintzat ez du sekula asmatzen telefono mota honen izena eta, "beste telefono garesti hori" deitzen dio.
Mugikorra, berriz, kursiegia iruditzen zaidan arren, badauka arrazoirik hala deitzeko, izan ere, deika ari dela entzun orduko mugimenduak biziagotzen hasten zaizkio deituari: geldi bazegoen besoak, lepoa, bolsoa edo patrika, begiak, ilea... dena da mugikor; oinez doana, ordea, entzun orduko geratuko da baina lehen aipaturiko haize-errota keinu/mugimendu guzti horiez gain, ezker-eskuin eta atze-aurrerako pauso ttiki eta ugariak ematen hasiko da, hitz egiten ari dela. Badakizu, pixegureak dagoen haurraren antzera.
Bestalde, normala da mugitzea izen hori daraman aparailuaren eraginez: mugi+corra. Atajuan dago "mobilla" edo mugikorrari esker lasaiago biziko zela uste zuena! Hori bai, edonork, edonon harrapa dezakeela jakiteak ematen duen lasaitasuna izango du (in fraganti harrapatzeko beldurrez ez badabil behintzat!).


A, baina, zelako xarma berea! Niri lotsa dexente eman dit inoiz deiren bat horrela pasa didatenean, hala ere, mobiletik hitz egiten ari denak, nire irudipenez behintzat, taldeko jarduna utzi eta tresna ttiki horri erantzuten hasten denean, beste maila bateko elkarrizketan ari dela dirudi; nola esango nuke, zera, meza ematen ari dela Jaungoikoarekin zuzenean mobiletik ari den apaizaren antzera edo. Aurrekoak aho zabalik berari begira, bere keinu eta antzokiko imintzio serio nahiz alaiek liluratuta dauden uste osoan. Segapoto preziatuan dagoena nor ote den, eta zer esan ote duen hain graziosoa, jakin nahian dauzkan entzuleei solasaldia amaitzean zer esango dien asmatzen ari den bitartean.
Deiak errepikarazteko duen trebezia ere ez da makala, horrela harreman sendoagoak bideratuz; bestela behin zita eginda bale izango zena, egun berean beste dei batekin ziurtatzen dugu, goizetik. Arratsaldean ordua zuzen oroitzen ote dugun bermatuko dugu beste dei batez eta zitalekura iritsitakoan, kidea han aurkitzen ez badugu, hirugarren deia, ordua baino hamar minutu lehenago iritsi garela ohartu gabe.
Soinu eta doinu orijinalagoa txirrinari nork ezarri dion antzemateak hainbat pista ematen digu pototxoaren jabeaz. Adi beraz! Bilera askotan sekulako musika tekno saioak entzuten ditugu eta asperrak jotzeko arriskua badugu, ttaka: deia une aproposean eta ondoko kafetegira diximulo ederrean. Gainera, andre edo gizon okupatuaren airea hartu nahi badugu, ongi programatzea aski da, hainbatetik behin txirrinak jo dezan eta bakarrizketari ekingo diogu, brontzezko estatua baino serioago.


Txirrinik programatu gabe ere oso baliagarria da, ikara ttikiak egiten baititu, egoera dardaratian murgiltzen da eta horrela, bihotzeko arazoak dituenari, zamarra edo atorraren ezkerreko patrikan sartu eta masaiak emango dizkio. Sendagileak bi ordutik behin emateko aholkatu diola, tori deia! Eta sendagileak agindu ez arren, bestelako behar motarik izanez gero (fisikoak zein psikikoak), erraza: sar ezazu beheko patriketako batean, utzi bere lana egiten eta kitto!
Gure gorputzaren estetika konpontzeko oso baliagarri gerta dakiguke. Lagun mina (emakumezkoa) zelulitisak sortzen dion buruko mina izterretatik ezin kendurik dabilela, bada, esan zuk deituko diozula halako eta halako orduetan eta aldaketan kokatzeko bere mugikor dardaratia, masaia horiei esker jubilatu baino lehen zelulitisa erabat desagertuko zaiola eta. Eta sortuko zaion parre ttikia zure ahotsa, bere izterretan barna, soberan dauzkan koipeekin Errolanen pare borrokan ari dela pentsatzean?
Ipur-masailak, bular aldea edo gerruntzea sendotu, trinkotu eta liraintzeko, xaboi koskoaz estu-estu garbitzea, pesak paseatzea edo integraleko gimnasia taula osoa egitea baino eraginkorragoa izan daiteke, eta garrantzitsuena: askoz erosoagoa. Izerdi tantarik isuri gabe lor dezakezu edo, lumazko edredoiarekin gauero (gau-ero) blai eginda, saunako ametsetan ez duzu ibili beharko.
Abantaila hauek denak dituela eta, zer egiten dut nik, oraindik, "mobilla" eskuratu gabe? Inguruan ia inor ez daukat patrikako tresnatxoa ez daukanik! Zertarako dut dirua horrelako "lagun" mirakulutsua erosten ez badut gastatu behar? Tira, tira, banoa derrepente erostera, erabat antigoaleko bihurtu baino lehen! Mila esker ARGIAri idazlan hau egiten ari naizela argia piztu didalako, eta bide batez, jakizu Onintza, hurrengo artikulua egiteko ez duzula nire bila madarikatzen ibili beharko.