argia.eus
INPRIMATU
IGOR ELORTZA: "ARRISKATU BEHAR ZELA IKUSI DUT"
2000ko abenduaren 24a
Bigarren txapela daukazu. Orain urte bikoaren aldean zelan sentitu zara oholtza gainean kantuan?
Orain urte bi ez nengoen oso presionatuta, neure ardura zen, eta ordutik plaza gehiago egin ditut, plaza garrantzitsuagoak ere bai. Edozelan, gaur ere sentsazio ona izan dut kantatzerakoan, ardura agian lau bertsolaritik bira pasatzean izan dut, ofiziotako gaiak apur bat deszentratu nau, baina ondo sentitu naiz saio osoan.

Eta lekuari dagokionez?
Arriaga eta Euskalduna diferenteak dira, batetik jende gehiago sartzen delako hemen, baina beroagoa ere bada. Ez nekien baina, zelan izango zen eta Unai eta biok goizago etorri gara, lauretan hemen egon gara ondo ikusteko aretoa. Jende gehiago baina hurbilago dituzu, eta ideia egin gura nuen.

Txapela buruan, zelan ikusi dituzu ingurukoak?
Tarteka ikusi ditut, Unai beharbada ez da beste batzutan bezain fin ibili, eta hasieran apur bat beldurtu ere egin gaitu Aritzek bederatzi puntukoan gaiari erantzunda, goitik beherako bertso horiekin... aurrera egiteko edozerk ez zuela balio argi utzi du, arriskatu behar zela eta zalantzan egon naiz baina ausartu naiz, Naufragoaren doinuarekin kantatzera. Horiez gain, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes ikusi ditut oso ondo.