Eman dute oraingoan ere. Tarifa aldean izangabetu du guardia zibil batek izengabe bat, paterazale magrebiar bat alegia. Giza uholdeka datozen horietakoa izaki, hotzez bustirik erakusten dizkiguten horietakoa. Tiroz garbitu omen du guardia zibilak nahi gabean, bere buruaren defentsan. Honen izena ezkutatu egin digute badaezpada ezer txarrik gerta ez dakion. Hedabideetako gune galduetan kokatu dute berria, amaren semea ez balitz bezala. Ziztu batean iragan da ezkuta ezinezko erailketa. Orain, demokrata plantak eginez ariko zaizkigu guardia zibila xuritze aldera ohiko bertsioa indartze lanetan, eraildakoaren agresibitate lanjerosa aitzakia. Guardia zibilari oldartu omen zitzaion gizagaixoa itxura gabean. Eta jakina, ongiaren defendatzaile armadunak erasotzailea tiroz geldiaraztea zuen aukera bakarra. Ez zuen hil nahi izan, baina ezin izan zuen hilketa ekidin. Istripua. Hori bera. Lan istripua. Beraz aktualitatean garrantzi handirik ez, eta bestalde arrakasta sozialik ez dakarrena. Bazterrera. Gobernuaren gustuko lekura. Eta horrela, guztia bere lekuan izengabeak salbu .