Abenduaren 14 eta 15ean, Europako Batasuneko Arrantza Ministroen Kontseiluak legatz harrapaketak drastikoki murriztea erabakiko du. Hala, Europako Batzordearen proposamena onartzen badu, murrizketa harrapaketa kopuru onargarriaren %74koa izango litzateke 2001erako; honek egungo 50.950 tonatik komunitateko flota osoak 13.000 tona harrapatzea ekarriko luke. Horretarako, zientzilariek egindako gomendioetan oinarritzen da; horiek espezie horren stockak egoera kritikoa bizi duela ziurtatzen dute. Iragarritako murrizketa kolpe latza litzateke alturako euskal flotarentzat. Ondarroako eta Pasaiako 70 itsasontzi ingururen jarduera nagusia legatz harrapaketa da. Legatz harrapaketaren murrizketa hori gauzatzen bada, euskal flotaren amarratzea eragingo du eta hiru hilabetetan bakarrik arrantzatu ahalko du. Egoera benetan larria euskal familia askorentzat. Ondo dago legatza berreskuratzeko plan europar bat egitea, baita denbora eta leku debekuak jartzea. Baina ezarri nahi duten harrapaketen murrizketa eta batez ere herrialde ezberdinen artean nola banatzen den ez da onargarria.