argia.eus
INPRIMATU
"IA GALDUTA ZEUDEN KANTUZ OSATUA DAGO CD-A"
Pilar Iparragirre 2000ko abenduaren 17a
Euskal kantu zaharrak geureganatzea ez da zuk ohiz egiten duzun lana. Nola sentitu zinen "Pinpirin eta florian" egitea proposatu zizutenean?
Asko poztu nintzen. Izan ere, niri asko gustatzen zait udazkena, nire iritziz guk dugun urte sasoirik ederrenetarikoa baita, ederrena ez bada. Gainera, hau proposatu zidatenerako, egina nuen jada Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Baztan aldeko kantu batzuen bilketa, esan nahi baita baneukala burugibelean horrelako proiektu bat, sekula gauzatzen ez zena. Beraz, poz-pozik hartu nuen proposamena.

Erraza izan al da kantu horiek ziren bezala jaso ahal izatea?
Oso zaila da ahozko ohituraren herri honetan "a capella" edo ahots hutsarekin kantatzen ziren kanta batzuek beste era batera eskaintzea. Beste hainbat jendek egin du jadanik hori, eta nire apustua izan da nolabait bide horietatik aparte ibiltzea. Ez dakit lortu dudan. Lorpen batzuk izan dira, nik uste, baina oso zaila da hamabostetik hamabost ondo egitea.

Laguntzailerik izan al duzu?
Noski! Eta partaidetza handia izan duen pertsona bat nahi nuke aipatu, Angel Unzu donostiarra. Izugarrizko ekarpena izan da berea, batez ere musika aldetik. Nik aspalditik lan egin izan dut Angelekin, baina ez kantu tradizionalen inguruan. Lana proposatzerakoan, asko azpimarratu nion kantuak berak izan behar zuela lehentasuna, eta nire ustez oso ondo ulertu zuen hori. Dena den, oso zaila da jada izaera luze bat duen lan bati beste tonu bat ematea, baina behintzat saiatu gara, saiatu. Eta kantu pare bat kenduta, ia galduta edo ahaztuta zeuden kantuz osatua dago CDa.