Donostiako Herri Irratiaren Gabonetako saio bereziak sei multzotan banatuko genituzke, hots, euskal kultura, haurrentzako programazioa, sukaldaritza, musika, kirolak eta erlijio kutsukoak.
"Txinpartak" euskarazko saioak 2000. urtean euskal kulturan gertatutakoei errepaso egingo die, abenduaren 26 eta 29aren artean. Laxaro Azkunek zuzentzen duen saio hau gauero dugu entzungai, 21:00etan.
Haurrei zuzendutako euskarazko saio bereziak ere izango dira, abenduaren 22a eta urtarrilaren 4a bitarteko (jaiegunak ezik) arratsaldeetan. Bertan, umeek lehiaketa, ikasketa eta opari banaketetan parte hartu ahal izango dute.
Gabonetako sukaldaritza Gabon Gau eta Urte Zahar Gau berezietako arratsaldeetan jorratuko dute. Bertan, sukaldari profesionalek deitzen duten etxekoandreen zalantzak argituko dituzte. Menu bereziak eta aholkuak ere eskainiko dituzte.
Erlijio saioei dagokienez, berez jaiok erlijioarekin zerikusi zuzena baitute, Herri Irratiak Gabon Eguneko eguerdian meza berezia eskainiko du Donostiako Artzain Onaren Katedraletik.
Musika saioak Gabonetan zehar tartekatzen joango dira, gabon kantak abestuko dituzten koroen entzunaldiekin.
Kirolei dagokienez, abenduaren 26, 27, 28 eta 29an "El Rebote" saioak urteko unerik interesgarrienak gogoraraziko dizkigu, hala nola, Sidneyko Olinpiar Jokoak, entrenatzaile aldaketa Realean eta Felix Iñurrategiren heriotza.