argia.eus
INPRIMATU
Gabonetako Programazioa
HATOR URTE BERRI HATOR
  • Euskarazko katean, besteak beste, Felix Iñurrategiri eskainitako omenaldia eta EITBren historiako Iparragirre sarien banaketa ikusgai izango dira.
2000ko abenduaren 17a
ETB-1eko Gabonetako programazio berezia abenduaren 21ean hasiko dela esan genezake, gau horretan Tolosan ospatuko den EITB Trikiti Txapelketaren finalaren soinu eta irudiak izango baititugu.
Hiru egun beranduago jadanik Gabon Gaua dugu gainean, eta hori gure pantailan arratsaldetik nabarituko da. Horrela, Olentzero Bilbora arratsean nola heltzen den grabatu eta gauean eskaintzeko asmoa dute ETBko arduradunek. Honen ostean, "Euskal Herria Lau Haizetara"k orain arte helikopteroz grabatutako eta eskainitako hainbat paraje berrerakutsi eta hemendik aurrera (igandero) ikusiko ditugunen aurrerapen bat egingo digu. Azkenik, beste urte batez gure herriko pertsonaia ezagunak "Hator kantari hator"ka hurbilduko zaizkigu.
Eguberri Egunean protagonista Felix Iñurrategi izango da, batetik bi anaiek grabatutako dokumental sailaren lehen atala ikusgai izango dugulako, eta honen ostean, Felixi eskainitako dokumental omenaldia pantailaratuko dutelako.
Abenduaren 26an, berriz, ikusgai izango duguna "Izar Berri Bila" berezia izango da, eta handik bi egunetara, Inuzenteen Egunean, "Barre Plusa" delakoa, "Barre Busa"ren edizio berezia, jende nagusiarentzat.
31 bezperak aurtengo errepasoa egiteko balio izango digu, urteko berrien bilduman. Eta informazioaren ostean, abenduaren 31n, festa giroa, "Sorginen Laratza"ko lan taldeak prestatu digun Urte Zaharreko Jaiarekin.
Milurteko berriaren mahats eta ajeen ondoren, Urte Berri Egunean Mr. Bean-en atal berri batekin barre egiteko parada izango dugu, eta hurrengo egunean, aldiz, "Kontaidazu" ipuin kontaketa ikusgai.
Urtarrilaren 4an, Iparragirre Sari Banaketaren txanda izango da, kontutan hartuz aurtengoan EITBko historiako saiorik onenak izango direla hautagai.
Gabonetan zehar, arratsaldeetan Asterix-en luzemetraiak, "Nire Lagunik Onenaren Ezkontza" (abenduak 27), "Bakarrik Etxean" (urtarrilak 3), "Printzesa ezkongaia" (urtarrilak 7) filmak eta Euskal Futbol Selekzioaren norgehiagoka ere ikusteko parada izango dugu.