argia.eus
INPRIMATU
orain dela 30 urte
ELIZAK, BERRITZEKO PREMIA
  • Sexuaren nagusitasunak eta norberaren interesek menperatutako gizartean Elizari zaharkitua gelditzea egozten zion astekariak, errealitatea ikusi gabe.
Pilar Iparragirre 2000ko abenduaren 17a
Izenak berak adierazten zuen zerbait: ZERUKO ARGIA. Astekarian lan egiten zutenei nondik zetorkien argitasuna ziurtatzerik ez dudan arren, alegia goitik ala leku lurtiarragoren batetik, Kaputxinoen babesean kaleratzen zen eta horrek bazuen eragina, noizean behin besterik ez bazen ere. 405. alean, "Seminario Eguna"ri azala eskaintzen zionean, kasu. Halere, kristau fededunen bilkura izan behar omen duen horren egitekoan ez zetozen denak bat Eliza ofizialarekin!


NOLAKO APAIZGOA BEHAR DA?

Aipatu berri dudan artikulu horren lehen adierazpena, erlijio katolikoan sinesten duen orok izenpetuko zuen duda askorik gabe: "Beharrezkoa dugu Eliza", zioen. Komeriak, bigarren baieztapenarekin hasi zitezkeen, apika, "eta beharrezkoa Elizan apaizgoa" aldarrikatzen baitzuen. Eta nago, idatzi eta berehala, artikuluaren egileari ere zalantza moduko bat sortu zitzaiolakoan: apaizgoa bai, baina nolakoa?
Izan ere, bost lerro beherago, hauxe zioen: "Baiña bai mundua eta bai gizadia aldakorrak ditugu". Horren jarraian, baina, serio arduratzen zuen hausnarketa zetorren: "Elizak ere gizadiaren eta munduaren une eta aldi jakiñei lotua egon behar du ibillian doan mundua eta gizadiaren salbatzaille izan dedin. Orregatik Elizak ere jira-biran aurrera dijoan izadiaren gurpillean jira-biraka ibilli behar du. Ez du geldirik egon behar. Garaiean garaikoa eta tokian tokikoa izan behar du. Berdin apaizgoa erabiltzeko neurri eta erak ere".
Horrek beste ondorio batera zeraman: "Beraz, aldatzen joan berko du apaizkerak ere. Garaiean garaiko eta tokian tokiko kristauen kezka, arazo eta bizitzari erantzun behar die apaizak". Nolakoa behar zuen berak amesten zuen apaizgoa? "Kristauen burruka, ezin, iritzi, jokabide eta bizitzarekin bat egiñik dagon apaizkera berri bat. Aundi-maundikeriak, jauntxokeriak, erosokeriak, eta bereizkeriak bazterturik kristauekin bat egiñik biziko dan apaizkera berria. Kristauengandik urbil, senide eta kideko, izango dan apaiz berria".


ELIZ AGINTARIAK, ZERTARAKO?

Ez zebilen gutxi eskaka aurrekoa! Bada, "Eliza bizia da" saileko Arostegitar Jok-ek, gehiago eskatzen zuen oraindik. "Kardenalak... Moseñoriak... Kalonjeak... zertarako" zen bere galdera. Eta eskerrak berak ez ei zeukan aginterik jaun horien etorkizuna erabakitzeko, bestela ofizioz aldatu beharko zuten-eta!
"Kristau erria ez da artalde uts, artzaiak beren txistu joaz, zakurra xaxtuz edo makilla astinduz arat eta onat eramateko" gogorarazten zuen. "Jainko Erriak ba du zer esana Elizako arazoetan". Eta bere burua Jainko horren parte joz, adorez ekiten zion Elizako agintarien jokabidea kolokan jartzeari. "Parrez ari naiz", aitortzen zuen, poz haren arrazoia segidan azaltzeko: "Ondoren idatziko ditudanak orain urte batzuk esan banituan... Beldurtuta geldituko zan nere Gotzaia... Ez zidan, etziran entzun ere egingo... Burutik naastuta nengoela eta Santagedara eramateko erabakiko zuan eta ni, an, zoro etxean, seigarren edo zazpigarren kapillau izango nintzan. Gaur...? Badauka gure Gotzaiak aurreko lanik nere tentelkeriak irakurtzen denbora galtzeko. Baiña irakurriko balitu? Geienez, irripartxo bat...? Behar bada, algara...? Ez dakit. Gauza aundirik ez behintzat". Gogoetokin lasaitu eta gero, hara non hasten zaigun makilazoka! Luzea zen idazlana, beraz, pare bat adibide eskainiko dizkizuet. Hona, lehena: "Kardenal berriak... zertarako ordea? Daudenak ere alferrik ez ote daude gaur eguneko Elizan...? Kardenal izate ori desegintzea, ez ote da obe? Gaur-eguneko giroan Zertarako dira Kardenalak..?". Jerarkia guztiarentzat zuen egurra, antza. Hor doakizue agindutako bigarrena: "Ta... Kalonjeak...? (Kanonigoak)? Zertarako gaurko egunean? Gotzaiaren Senadu omen dira. Gaur behintzat ez. Kanonigoak, elkargoa (colegialmente) bezala, noiz izan dira Gotzaiaren Kontsejulari, Pastoral gaietan batez ere?" eta hainbat hutsune gogoratu eta gero, hauxe esaten zien: "Kalonje maiteok. Zertarako zaituztegu gauregungo Elizan? Il dan giro baten gogoangarri? (...) Kalonje maiteok, bakarka lan aundiak egingo dituzue noski, baiño elkargo bezala, Gotzaiaren Senaduko bezala, Zer eginkizun betetzen dezute gauregungo Elizan? Kalonje Jaunok, zuetako batek, gai oetaz argi piska bat emango balit, benetan eskertuko nioke".

URTEKARI-71
Letamendia, 1970-XII-6
Pena handia bada ere gizonaren oroimena eta materia grisa aintzinako uholdean bustirik kizkurtu, herdoildu, gutxitu eta pobretu zenez gero gauzak apuntatu behar izaten ditugu ahatz ez dakizkigun: "Aspirinak erosi behar ditut; 4etan letra-kobratzailea etorriko da; bihar Tolosako biltzarra; Maribelen telefonoa: 17452; eta abar". Apuntatzeko papertxo bera txikia delarik, sarritan, edozein lekutan ahazten zaigula da txarrena, eta orduan erremedioa gaitza baino okerragoa izaten da. Baina honelakorik gerta ez dadin gizon jakintsu batek urtekaria asmatu zuen, edo almanaka (euskeraz Al-kandora, A-zoka, eta Al-biste hitz garbiak baldin badira, Al-manaka ere mahometarrei prestamotan eskatzea libre dateke ene uste apalez). Eta urtekariak handixeagoak direnez gero ez ditugu horren erraz galtzen. Urtekariak ateratzea aspaldiko ohitura da euskaldunon artean, zeren, duela laurehun urte euskaldun progresista batek "urtekari-72" argitaratu zuen oraingo "Urtekari-71" hau baino lehenago. 1572an Leizarragak atera zuen lehen urtekaria euskaraz: "Kalendrera -zion- bazko noiz daten, ilhargui berriaren eta letra Dominicalaren eçagutzeko manerarequin" (...)

SEXOAREN ERASOA EUROPAN ZEHAR
Sorondo-Barrena, 1970-XII-6
Guzia sexo mailetara erakar behar honek gorabehera aski sortzen du Europako kapitalista nazio gehientsuenetan. Hona hemen batzuek: 1. Heziketaren eta familiaren arazoa. Heziera moldeen haustea gauza garbia da. Maila guzietako estudianteen burrukak hor daude ezaugarri. Ezkontza erakundearen sendotasuna zalantzan dago. Lehengo familia moldeak erori dira, baina berririk ez da sortu eta ez da erraz asmatzen zer izanen den familia Europan hemendik hamar urtetara.
2. Gizarte moralaren oinarriak zartatuak: Gero ta gehiago bakoitzaren iritzia ari da lege bihurtzen. Norberaren atsegina denean helburu, zail da ikusten on edo txarraren beste neurri biderik.
3. Pertsona nolanahi erabili ahal izatea. Sexo kontuan gizarte eta ohitura lokarriak etenaz, guzia abere mailara bihurtzen da. Edozein experimentu zilegi da. (...)
4. Pertsona elkarpideen nortasun eza. Bestea, laguna, norberaren atsegin-bide bihurtzen dira. Pertsonak, ondo ala gaizki datozkigun zerbait besterik ez dira. Honek, norbera bakarkeria batetara darama.
5. Bizitzari norakorik eta zertakorik ez ikustea. Era guztitako atsegiñak probatzez probatzeak hustasuna eta etsipena ditu ondorio (...).