argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
NIZA
Daniel Udalaitz 2000ko abenduaren 10
Asteburu honetan, Niza Europako estatuburuen kontseiluaren egoitza izango da. Beste gaien artean, Gizarte Agiri Europarrari heltzea aurreikusita dago. Aurretik Miarritzen gertatu bezala, GKEtako, sindikatuetako eta alderdi ezkertiarretako kideek, euskal ordezkaritza gaitu bat tartean, Frantziako hiri mediterraneo horretan izango direla iragarri dute. Agiri horrek behar sozialei erantzun diezaien nahi dute. Orain arte Europako Batasuna gai ekonomikoetaz arduratu da ia esklusiboki. Eta merkatarien, multinazionalen, lobbyen edo botere ekonomikoa duten taldeen Europaren interesei erantzun dio gehiago herritarren interes orokorrei baino. Europa sozialaren, gizabanakoaren eta gizarte eskubideen Europaren interesak eta lehentasunak ez dira aintzat hartu. Orain Gizarte Agiri Europarra deitzen dena sinatu nahi dute. Beldur gara azkenean agiri horren edukia testigantza eta marketing adierazpena izango den eta ez dion Europako gizarteko langileen, etorkinen, emakumeen eta baztertuen interesei erantzungo.