Bihotzaren erdian txertatu dio Espainiako Gobernuak Garzon izurritea. AEK. Frankismoaren gorrian sortuak, herri honek bere hizkuntza propioa berreskuratu zedin bere baitan bildu zituen militantziaren alerik iraunkorrenetarikoak. Eta bere ibilbide korapilatsuan bide eginez, oraindik orain hein handi batean euskararen aldeko militantziari esker azkar, inoiz ezagutu duen bere aurkako eraso ustelenaren aurrean aurkitzen da, hain zuzen demokrazia ikonoa duen inperialismo zornearena. Ziringatzailea sendagiletzat, ETA eritasuntzat eta Euskal Gobernua lasaigarrien hornitzaile jakituntzat aurkeztea izan da hedabideen lana. Lan zikina. Zeren bistan da Espainiako Gobernua izan dela Garzon izurritearen ziringatzailea. Ez ezeren sendagile. Argi da, AEK bere lanari zor azkar dela eta ETAtik libre. Eta garbi da Euskal Gobernuak gizarteak galdetzen zion hori egin duela. Ez besterik. Baina Espainiako eskuindar muturrekoek Euskal Herriaren aurkako bere gurutzadan garaipen bat behar dio erakutsi munduari. AEK aukeratu du oraingoan. Hastapenetan da. Argi. Jarraituko baitute.