argia.eus
INPRIMATU
HISTORIAREN BELDUR
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2000ko abenduaren 03a
Historiaren gainbalioa: historiaren arazoa ez da ezertarako ere balio ez duenik, gauza gehiegitarako balio dezala nahi izatea baizik. Agerian gelditzen ari da jarrera hau azkeneko hilabeteotan, LOGSEren kontrarreformaren inguruan sortu diren eztabaidetan, bai historialari nola historiazale askoren ahotan, bai hainbat politikariren mintzoan. Ez da batere harritzekoa hiritar zentzudunak, maizetan, historiaren beldur ibiltzea.

Hain zuzen ere, Espainiako Historia-Akademiak plazaraturiko txosten paranoiko hark, Donemiliaga Kukulako PPren agiri histo/eriko-nazionalistak, Pilar del Castillok aurkezturiko Kontrarreformak, hainbat irakasleren eskaerek "Espainia den nazio honen historia" behingoz berrikasteko..., honek guzti honek historia gehiegi erabiltzeko nahia bertzerik ez du adierazten. Eta, erranen dut bidenabar, zulo berdinean eroriko ginateke euskal nazionalistak, horri aurre egiteko historia horren antzeko baina "gure herriarena" irakasteko eskatuko bagenu.
Gauzak horrela, ez haiek ez guk geuk ez genuke historia nahi izanen nork bere burua hobe ezagutzeko, geure asmoak nolanahika gauzatzeko baizik: azken finean, geure burua eta bertzeak engainatzeko. Kontu beldurgarria, benetan.


HISTORIZISMOAK. Ez dut uste, dena dela, horrelako istorioez asperturiko hiritar zentzudunak soilik daudenik historiaren beldur: historizismo nazionalista horiek, bertze edozein historizismo bezala, historiaren beldurraren adierazle ere baitira. Ez da kasualitaterik izan horren sutsuki historizista diren "navarristak" -zeren izenean eta historiaren uko egiten digute "Foru Hobekuntzarako" legeari buruzko erreferenduma!-, gobernu autonomiko guztietatik, nork bere erkidegoko Historiaren programak arautu zituzten azkenekoak izan baziren. Kasualitaterik ez den bezala PPkoek Kontrarreforma programa "berria" frankismora ezin iristeko moduan planteatu badute: espainiar "naziogintzan" frankismoak buruturiko lan eskerga, diktaduraren ondorengo hauentzat, egin, bai, egin beharrekoa baitzen, inolaz ere ez gero kontatzeko.
Beldurgarri dira, bai, historizismoak. Baina, ezagutza eta benetako ikerketa baldin baditugu beldur guztien antipozoia, benetako ikerketa historikoa dugu historizismoaren sendagaia. "Benetako ikerketa" diot, kontuz! Ez "benetako historia".


HISTORIAREN LABELA. Dudarik gabe, denok dugu eskubidea gure "benetako" historiak plazaratzeko: bai espainiar nola euskal nazionalistek, nazionalismo guztien kontra omen daudenek eta bertze edozein ikuspuntutatik (sozial, ekonomiko, antropologiko, kultural, hizkuntzazkoetatik-eta) azaldu nahi dutenek, zenbat ere alderdikoia den historia hori. Askotan, motibazio alderdikoiak ere aberasgarriak izan dira osagai berriak kontuan hartzeko orduan, interpretazio konprentsiboagoak egin nahi baititugu. Mesfidati izan naiteke, adibidez, karlista batek egindako karlismoaren historia baten aurrean, baina inork erran al dezake hainbat historialari karlistak ez dituela aberastu, datu eta gogoetekin, fenomeno horren interpretazio-aukerak? Kontua ez baita zein aurreiritzerekin hurbildu den gaira, zein zorroztasun metodologikorekin bazik. Horrela, aurreiritziak aurreiritzi, historia txarrak, probesgarriak edo onak lor ditzakegu salgai. "Label" kontua baizik ez da, prozesuko metodoen egiaztagarritasuna.

Bertze historia da zer eta nola irakasten diegun ikasleei. Zaila izanen dugu komunikatzaileok geure aurreiritzietatik askatzea. Baina, adoktrinatzaile eta, azken buruan, iruzurgile izan nahi ez duen pedagogiak bere metodologia ere eskatzen du, interpretazio-irekidura eta aniztasuna izanik oinarrizkoenetariko bat. "Benetako" historiarik ez dagoelako, botereak baietz erran arren. Honetan datza, hain justu, Kontrarreformaren iruzur "historikoa": historia ikasgaia helburu alderdikoi batekin inposatu nahi izatean, historiak gauza gehiegitarako balio dezala gura izatean.
Segi ezazue, hiritar zentzudun horiek, historizismoaren beldur, aska zaitezte, berriz, historiaren beldurretik!