argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
GOSARIA
Joxemari Ostolaza 2000ko abenduaren 03a
Kafea. Egunkariak. Gure kasuan, denborak erabat aldarazi duena. Horrela gogoratzen dut nik Espainiako erregearen aurretorrera. Izan ere, gailegoaren militar aginpidearen garaian, tailerrean, motorretako olio eta grasa zaharkituen beltzak gasolinaz gristatu eskuz heldutako ogitartekoa jatearena genuen guk egunero lanaldiaren une pozgarriena, goizero amak prestatuaren beroaz besapea epel, kontrol ordularian gure txartela sakatu ondoren desiratuena. Eta ardoa, jateaz bat zahatotik edaten genuen Savin hura. "La Voz de España". "El Diario Vasco". Urtarrila eta otsaila. Beren hotzberotan berdintsu samarrak. Beti genuen ezkutuko informazioren bat lagunei adierazteko. Eta gosari garaia zen egokiena konspiratzeko. Hobera egin dugu. Ez zen zaila ordea hura gainditzea. Orain, liburuek baino testu gehiago dakarten egunkariak ditugu goizetan kafearen lagun. Eta eskuak berriz guri-guri. Orduko burgesen pare. Eta kafetik solidora pasatzen garenean, idorreria. Eri. Alta, gaztetan mahaian jarri eta gosaltzeko aukera ez genuenon bilakaera izanen da hau, adinean gora joanda konpondu ezin litekeena. Beste asko bezalaxe.