argia.eus
INPRIMATU
Telebista Kartara
TELEBISTA DIGITALAK AZTERTUZ
2000ko azaroaren 26a
Eroski Taldeak argitaratzen duen aldizkarian adierazten denez, igaro berri den urrian Espainiako Estatuan jadanik milioi eta erditik gora pertsonek zuten euskarri digitalen bat kontratatua. Hil horretan Canal Satelite Digitalek ia milioi bat abonatu zituen, eta Via Digitalek, berriz, 600.000. Kontutan izanik abonatu bakoitzak hilero eta gutxienez 3.700 pezeta (148 libera) ordaindu behar dituela negozioa begi-bistakoa da.
Diru hori bi kateen oinarrizko kanal-bildumak kontratatzeagatik ordaintzen da, hots, 40 bat kanal bakoitzean, baina horiez gain abonatu erdiek "ikusi ahala ordaindu" sistema erabiltzen dute, hau da, ikusleak nahi dituen partida, film ala programa berezi bakoitzeko ordaintzea. Sistema hau batez ere futbol eta zineman erabiltzen da, eta gutxixeago zezen, boxeo edo kontzertuetarako. Prezioak film baten 500 pezetatik (20 libera) Real Madrid - Barcelona futbol partidaren 1.800 pezetaraino (72 libera) doaz.
Ikerketak salatzen duen arazo bat bi euskarrien arteko bateraezintasuna da, hau da, bai Canal Satelitek zein Via Digitalek satelite ezberdin banarekin funtzionatzen dutela, eta, ondorioz, baten batek biak kontratatu nahi baditu bi antena paraboliko eta bi dekodagailu desberdin izan beharko dituela. Kontutan izanik antena baten instalakuntzak 20.000 pezeta (800 libera) inguru kostatzen duela eta honi izen-emate bakoitzeko beste 15.000 bat pezeta (600 libera) gehitu behar zaizkiola, erabakia argi dago, bata ala bestea aukeratu behar da, biak batera sekula ere ez.
Arazo tekniko hauek saihesteko badago hirugarren aukera bat: Quiero TB. Honek bere burua munduko lehen lurreko telebista-euskarri digital gisa aurkezten du, hots, orain arte betidanik erabili izan dugun kable analogikoa erabiltzen du. Horrenbestez, ez dugu zertan antena paraboliko edota kableatu berririk egin behar; dekodagailua betiko antenara lotu eta kito. Gainera, Quierok telebista-aparailuaren bidez internet eta posta elektronikorako sarrera eskaintzen du, ordenagailuaren beharrik gabe. Izen-ematearen salneurriaz, berriz, ez dago besteekiko ezberdintasun handirik: 15.000 pezeta (600 libera)