Euskal Soziolinguistika Institutua sortzeko ideia "Bat" soziolinguistika aldizkariaren inguruan jaio zen. Haren argitalpenaren ardura zeraman EKB (Euskal Kulturaren Batzarrea) taldea iaz desagertu zen, eta haren eginbeharra SEI taldeak hartu zuen bere gain. Aldizkariaren argitalpenaz arduratzeaz gain, SEIko kideek esparru zabalagoa bete nahi zuten, eta horregatik eman zitzaion elkarteari izen hori, SEI edo "Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen", alegia.
Eta hain zuzen ere, izenburu hori darama hilaren 24an Gasteizko Europa Jauregian egingo den kongresuak. Berton izango diren lagunek Euskal Herrian soziolinguistika institutu bat abian jar dezakeen proiektu bat finkatzea dute helburu. Inazio Marko EHU eta Udal Euskal Unibertsitateko irakasle eta sinposiumaren koordinatzaileak adierazi digunez, gerora institutua izango denaren modelo bat zehaztu gura da Gasteizen.
Halako institutu bat sortzearen beharraz zera esan digu Markok: "Euskalgintzaren inguruan premia ugari daude, eta zenbait lan eta ikerketa egiten diren arren, horiek batera ditzakeen esparrurik ez dago". Arlo honetan hainbat erakunde, herri talde eta administrazio teknikari ari dira lanean batetik, eta unibertsitateko irakasle eta ikerlari gutxi batzuk bestetik. Horien artean ordea, lotura eskasa dago. Markok formazio aldetik ere hutsuneak daudela dio. "Soziolinguistika oinarri duten ikerketa batzuk burutu dira, baina ez dago ikerketa horien fruituei probetxua atera diezaiokeen behar bezala antolaturiko biderik".
Bost fase dauzkan prozesu zirkular moduko bat erabiltzen du Inazio Markok sinposiumaren nondik norakoak hobe ulerrarazteko. Faseak hauexek dira: praktika, ikerketa, teoria, metodologia, formazioa, eta atzera berriro ere praktika. Egun bost arlo horiek sakabanatuta daude, bakoitza bere aldetik eta loturarik gabe. Alegia, fase bakoitzean talde konkretu batzuk ari dira lanean, eta horien artean harreman eskasa dago. Batek egiten duen lanaz beste bat baliatzeko modurik ia ez dago, eta hutsune hori bete nahi du hain zuzen ere soziolinguistika institutuak. Fase horiek guztiak antolatzea litzateke beraz bere eginbehar nagusiena. Markok dioenez praktika badago, hots, soziolinguistikaren inguruan lan egiten duten talde eta pertsonak badaude. Ostera, zirkulua osatuz joateko beharrezkoa litzateke praktika horren gaineko ikerketa bat egitea. Praktika hori nola ematen ari den edota haren helburuak eta lorturiko emaitzak zeintzuk izan diren zehaztea, alegia. Behin ikerketa burututa, horrek bide emango luke planteamendu teoriko batzuk osatzen joateko. Markoren arabera, teoria hauek erreferente bat izan beharko dira normalizazio prozesuan, eta dauden arazoei irtenbide bat emateko lagungarriak. Zirkuluaren osaketan aurrera jarraituz, modelo teoriko horietatik lan metodologia batzuk garatzen joan daitezkeela esan digu kongresuaren koordinatzaileak, "zein inkesta egingo diren eta nola planifikatu diren argituko duten lan-teknika batzuk zehaztuko dira adibidez". Hori guztia esku artean izanda, lorturiko materiala zabaltzeko formazio bat eskainiko litzateke. Azkenik, eta zirkulua itxiz, praktika bera hobetuko litzateke. Aipatu prozesu horretako bost faseak bateratzea litzateke azken finean soziolinguistika institutuaren egitekoa.
ANTOLATZAILEAK ETA EGITARAUA.
Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen Sinposiumaren antolatzaileak zazpi dira: Nafarroako Udal Euskara Teknikarien Sarea, SEI elkartea, Euskal Kultur Erakundea eta lau unibertsitate: EHU, Mondragon Unibertsitatea, NUP eta Udako Euskal Unibertsitatea, hain zuzen ere.
Egitarauari dagokionez, goizeko 9:15etan emango dio hasiera biltzarrari Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasle eta sinposiumaren zuzendariak. Goizean zehar hiru hitzaldi izango dira: soziolinguistikaren ikuspegi orokorrari buruzkoa lehena, Euskal Herriko soziolinguistikari buruzkoa bigarrena eta soziolinguistika institutuen esperientzien gainekoa hirugarrena. Jarraian bazkaria izango da, eta 16:00etan Inazio Marko moderatzaile izango duen mahaingurua hasiko da, "Zer eskatu institutuari?" izenburupean. Mahainguruaren ostean ponentzia nagusiaren txanda helduko da, eta jada azken txanpan, Xabier Aizpurua Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hitzaldi bat eskainiko du. Arratsaldeko 19:00etan eta sinposiumari amaiera emateko, Iñaki Martinez de Lunak ondorio nagusiak ezagutaraziko ditu. Ondorio horietatik abiatuta, Euskal Soziolinguistika Institutua abian jarri zain geratzen gara, hori bai, zorte ona opatuz.