argia.eus
INPRIMATU
Irati Irratia
OIHANEKO IRRATIA ARRISKUAN
2000ko azaroaren 26a
Irati Irratiak zortzi urte daramatza lanean, baina Nafarroan behin baino gehiagotan gertatzen den bezala, oztopo eta laguntza urriek bere etorkizuna kolokan jarri dute.

Irati Oihanetik gertu dagoen Aribe herrixkatik uhineratzen da egunero Irati Irratia. Berau Aezkoa Ibaxa, Erroibar, Auritz eta Orreagan entzun daiteke baina arazo ugariz. Arazook medio, laister burutuko den asanblearen zain, urtarrilaren 22an irratiak zortzi urte beteko ditu, astelehenetik larunbatera 2.200 biztanleentzat egunero lau ordu emitituz.
125 bazkideen patrikatik, Aezkoako Ibaxako Juntaren 800.000 pezetei esker (32.000 libera), Aurizperriko Kontzejuari esker eta Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikako Sailetik, milioi eta erdi pezeta eskuratzen ditu urtero irratiak, baina diru kopuru hori ez da aski berau mantentzeko.
Horregatik, irratiko bazkideek Erroibarko Udalarekin hitz egin dute eta badirudi honek biztanleko dagokion dirua emanen duela. Txanponaren beste aldean Aurizko Udala dago, irratia sortu zenetik sosik eman ez duena eta 120 milioiko balioa duen Kultur Etxea egin nahi duena.
Baina diruarena ez da arazo bakarra, izan ere antena bera ETB ikusteko erabiltzen da, eta bi emisorek elkarri traba egiten diote. Honela, Aezkoako bederatzi herritako biztanleak ia hilabete daramate ETB ikusi gabe. Antena berri bat jartzeak lau milioiko kostua izanen luke, beraz diruaren premia larria da.
Irati Irratiak lau ordu emititzeko bi langile ditu, bata egun osoz eta bestea egun erdian kontratatuta, eta emisioa %70 euskaraz eta %30 gazteleraz banatzen du, tamalez populazioaren zati handi batek ez duelako euskara ulertzen.
Irati Irratiaren etorkizuna, azkenik, datozen asteetan argituko da, bazkideen bilkura garrantzitsu horretan aurrera jarraitu edo ez erabakiko baita.