Umetan, amona Euxebiri konpainia egiteko aitzekian bere ahizpa guztiak (izeba Ageda, izeba Axun, izeba Jaxin, izeba Jesusa, izeba Maria...) biltzen ziren gurera egunero. Errosarioa errezatzeaz eta arkakuso batzuk opari ekartzeaz gainera, gure amak prestatzen zituen bizkotxoak eta kafesnea irensten zituzten kupidarik gabe. Ni inguruan jolasean bueltaka ibiltzen nintzen eta ez nuen ulertzen beren solasaldietan zein garrantzi aparteko ematen zioten eguraldiari:
-Eguraldia erotuta zagon, neska. Gaur berriro hego haizea altxatu dun. Atzo iluntzean aldiz, ifarrekoak gogotik jotzen zinan.
Gaztetan, lagunen arteko elkarrizketetan, maiz egiten genion barre jende helduak, ustegabeko topaketetan (autobusean, igogailuan, medikuaren itxaron gelan...) eguraldiaz mintzatzeko agertzen zuen joerari. Gure iritzi adoleszente murritzean, zerbait adierazteko hitz egin behar zen. Zer esanik ez bazegoen, horrelako berriketak denbora alferrik galtzea besterik ez ziren.
Ustez heldu garelarik, bestela konturatu gara, ordea. Esaterako:
Jendearekin hitz egitea garrantzitsua dela, itxuraz zer esanik ez badago ere. Hitz egite soilak asko adierazten duelako: elkarrekin komunikatu nahia, aurrekoa ere gure maila berean onartzea, alegia merezi duela gure hizketa eta arreta... eta abar luzea.
Eguraldiak eta bere gorabeherek garrantzi itzela dutela gorputzetan eta buruetan, baita Naturan ere. Eguraldiak uste baino askoz gehiago gobernatzen gaituela. Era guztiz berdintzailean gainera, aberatsa zein pobrea, ederra zein itsusia, emakumezkoa zein gizonezkoa,... Galdetu bestela medikuei.
Beraz gure zahar haiek, errosarioa eta merienda irentsi aurretik eta ondoren, eguraldiaz etengabeko berriketan zebiltzanean, ez zirela txatxu kontuetan ari eta zerbait bazekitela.
Gure artean eta gaur egun, aspaldi etxe gehienetan egoten zen fraile barometro haren ordezkotzat har genezake Pello Zabala. Gure gazteek ez zuten fraile hura ezagutu. Zein famatu zen konturatzeko Aita Donostia kaputxino musikariari Madrilen gertatutakoa kontatuko dizuet. Teatro Realean kontzertu bat zuzendu behar zuen. Orkestra antzeztokian sartu, afinatu eta berehala Aita Donostia. Aurreko txaloen ondoren isiltasuna. Abiapuntua markatzeko prestatu da frailea eta eskuin eskua eta ziria altxatu dituenean, anfiteatrotik garraisi bat entzun da:
-Mañana buen tiempo.
Publiko osoa barrez, Orkestra ere bai eta zuzendariak itxurak mantendu nahiz barrura sartu behar izan zuen puska baterako, giroa lasaitu arte. Eguraldi igarleak ez zuen hala ere asmatu. Gerra Zibilaren aurretik gertatu baitzen hau eta ez zen oso eguraldi onik etorri Madrila. Meteosaten laguntzarik ez zuten artean.
Ohartu al zarete, Frantziako Telebista jarraitzen duzuenak, bertako teleberrietan Espainiakoetan baino iragarpen hobeak egiten dituztela eguraldiaz? Lagun batek eman zidan horren arrazoia. Nonbait Meteosat sateliteak bidaltzen dituen argazkiek iragarpenak prestatzeko garrantzi handia dute. Meteosat satelitea Konsortzio batek sortua da eta hainbat estatuk parte hartu zuten egitasmo horretan: Frantziak eta beste batzuk. Espainiak, baina ez. Hori dela eta, Konsortzioko partaideen zerbitzu metereologikoek argazki ugari eta merkeak dituzte, eta iragarpenak egiteko laguntza ona. Partaide ez direnek aldiz garesti erosi behar dituzte eta horregatik ditu Espainiak iragarpenak egiteko datu eskasagoak. Eta gutxiago asmatzen.
Espainiako telebista informatiboetan Euskal Herriari izaten dugun baino eguraldi okerragoa iragartzen digutela tema eta topikoa da gure elkarrizketetan. Hori ere, Meteosaten eskasiaren ondorioa izango al da? Nire ustez, onena da konturatzea eguraldiaz hitz egitea merezi duela eta nork bere sateliteak ondo kontrolatzea. Bestela, eguraldi txarrago ezina iragarri arren, eguzkitsu gerta daiteke eguna