Duela bi asteko zutabean Herri Ekimen Legegileak pobrezian diren pertsonentzako (200.000 pertsona inguru) eskatutako soldata soziala Eusko Legebiltzarreko batzordeak erabakitako 53.100 pezetatik pasatuko ez zenaren susmoa agertu genuen. Horrela izan da, oraindik kopuru hori behin-betikoa izan dadin urrats batzuk emateke badaude ere. Horrela erabaki dute EAJk, PPk eta PSEk. Alderdi horien ordezkariek milioi erdi pezetako soldata dute. Azal lodia behar da izan. Beraiek "bizi" beharko lukete hileko 53.100 pezetarekin! Soldata soziala horretan geratzen bada azkenean, Gizarte Agiriaren sustatzaileek esan bezala, Eusko Legebiltzarrak Gizarte Eskubideen Agiriaren alde egin beharrean agiri antisozial baten alde, legedi antisozial baten alde egin duela hartu beharko da kontuan. Arazoa ez da aurrekonturik ez dagoela. Nahi izanez gero, badago. Arazoa irizpide eta lehentasun politikoak dira. Azkenean EHk erantzun egin beharko dio Herri Ekimen Legegileak Gizarte Agiria defendatzeko ponentziara itzul dadin egindako dei publikoari