argia.eus
INPRIMATU
JABIER MURILLOREN TXORI-ESKULTURAK MENIGOUTEKO JAIALDIAN
Jabier Agirre 2000ko azaroaren 26a
Garai bateko natur zientzietako museoetan ikusten genituen animalia "naturalizatuak" (disekatuak), desagertzeko bidean ditugu egun. Izan ere, naturaren ondarea ezagutarazteko gero eta gehiago zabaltzen ari diren zentroetan ezbaian jarri baita taxidermiaren balio didaktikoa. Hona hemen bada, antzinako taxidermiarendako alternatiba zuzena, Jabier Murillo "Matxas"en eskulturak. Eskuz landutako animaliok naturan bezalaxe aurkituko ditugu tamainaz zein itxuraz, satitsu txikitik hasita hegan ari den ugatz alimalekoraino. Bertatik bertara, diren bezalaxe ikusirik, beren ezaugarri xeheenak ere ikasteko moduan izanen gara, eta harritu eginen gara, arrunt ezagunak zaizkigun piztiek ere erakusten dituzten ezaugarriekin. Naturzale denak gozatu zirraragarria hartuko du segururik, hauengana hurbildu eta, espezie eta azpiespezie bakoitzaren bereizgarriak gidarik onenean legez islaturik aurkitzean. Zehaztasun guztiz pintaturik, "Matxas"ek erabiltzen dituen materialei eskerrak arinak eta gogorrak dira erreprodukzio hauek, eta ikasteko ez ezik etxerako apaingarri polit ere izan daitezke. Ez alferrik geratu dira ahozabalik Frantziako txorizale guztiak! Baina ez da berria kontua. Aspaldian agindu zion saia egin zezan frantziar ornitologoen aitzindari den Michel Terrassek. Orain ere, Menigouten, harekin egoteko aukera izan genuen eta bere lehenengo hitzak Ramon Elosegi zena gogoratzeko eta haren desagertzeak eragin zion zirrara adierazteko izan zituen. Bihoaz Michel Terrasseren hitz bero haiek Blanka laguna eta senide zein lagun guztientzat.
"Matxas"en lana ikusgai dago Frantzia, Katalunia, Aragoi, Kantabria eta Euskal Herriko hainbat natur etxetan, besteak beste Pitillas, Erronkari, Valderejo, Ainsa, Gorbeia, Ibañeta, Orreaga, Cerdanya, Bartzelona, Pays de la Jonten... Eta jakina, Iruñeko San Anton karrikako bere tailerrean. Hantxe aurkituko dugu artisaua xingurri lanean, beti bezala.