argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
ELBARRI
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Mentaltzat hartzen gaituzte. Beren aginte eremua udaleku erraldoia bailitzan, gu bere bilakatze kolonizazio prozesuan zigorra habe, betiko kartzelaz mehatxatzen gaituzte. Epaitegietan bildu kondenak oso-osorik betetzearena aski ez, eta damua adierazi ez duenari betiko kartzela emanen omen diote. Obedientzia zibila. Horren aldeko kantuak behintzat dira azkenaldian maizen entzunarazten dizkigutenak. Oe, oe, oe. Oeka. Jakina da kanturik txatxuenak ere berrepikatzearen poderioz bidea egiten duela arrakastatsuki. Macarena. Eta euskal edozerren aurka "zernahik balio du" estrategia mozkintsua azkartuz doa. Galindo. Bertsio modernoak Internet du lanabes. Gure posta elektronikoen zenbait zerbitzari lekuko. Sabotajeak. Gau berean han eta hemen. Mehatxu zozo mozkorrez euskal webguneak itotzea izan dute helburu. Telebistako serie nazkagarrienen antzera, jarraipena izango duen hastapena. Eta eraso hilkorretan doktoretza eta eskarmentuak aski frogatuak dituztenez, argi, hauek kapaz baitira gauzatzeko. Beren udalekuan preso, gaitzerdi gurean bildu, sakondu eta azkartzeko gauza bagina.