argia.eus
INPRIMATU
90.256 AFILIATU DITU ELA-K
2000ko azaroaren 26a
ELA, duen afiliazio handiagatik, %74an autofinantzatzen da, sindikatu abertzaleak aldizkari honi emandako datuen arabera. Horrela, urriaren amaieran, 90.256 afiliatu zituen, horietako 82.300 EAEn eta 7.700 Nafarroan. Afiliatuen %30,48 emakumeak dira eta %23,04 35 urtetik beherakoak. Hurrengo biltzarrerako, hau da, 2004. urterako 100.000 afiliatu izatea espero dute.
Lanean ari diren afiliatuen kuota hilean 1.700 pezetakoa (68 libera) da. Langabeziaren ordaina jasotzen duten langabetuek 1.275 pezetako kuota dute, eta pentsiodunek eta langabeziagatiko ordainik jasotzen ez duten langabetuek 850 pezetakoa. Horrek esan nahi du, afiliatuek ordaintzen duten kuotarekin, afiliatu gehienak lanpostudunak direla kontuan izanik, ELAk urtean 1.600 milioi pezeta (64 milioi libera) inguru biltzen dituela. Greba kasuetarako osatzen den erresistentzia kutxara kuotaren %25 bideratzen da. Esan dugunez, sindikatuak berak adierazitakoaren arabera, bere gastuen %74 estaltzen dute kuoten bidez, eta, beraz, gainontzekoa diru laguntza bidez estaltzen dute, baina horren daturik ez zaigu eman.