argia.eus
INPRIMATU
Hiruko Txikian
HOBENDUNA
Joxemari Ostolaza 2000ko azaroaren 19a
Eskola. Gorrotoa eta herraren habi omen da gure eskola. Eta horretan nagusi, ikastola. Holakoa dugu Lapitz eta Reyren antzera tribunalera eraman ez nazaten euren izenak ezkutuan gordeko ditudan espainiar nazionalista muturreko horien ebazpena. Gure euskal eskolak -etxeko familiarren laguntzaz- bultzatzen omen ditu haurrak, gazteak espainolen aurka. Itxura gabe. Kale borrokan hasi eta borroka armatura. Frankista unibertsitatean letratan doktoratuek orduko testominek eraginda edo, neurririk gabeko izugarrikeriak botatzen dituzte harro-harro. Gu bezala garaiko eskola frankistetan a cubrirse ar, firmes ar, Viva España alzad los brazos, hijos del pueblo.... egunero goizeko bederatzietan kantatzera behartu izan balituzte, ez lukete tamainako astakeriarik isuriko. Agidanez, fraideetan ez zen horrelakorik gertatzen. Zeren orduan kalean borrokan -kale borroka ez baitute gaurko gazteek asmatu- genbiltzanon herraren iturria, beti ere orduko intelektualen arabera, Euskal Herria ukatzen zuen eskola frankista zen. Eskolak errotik hautsi eta erdaldun bilakarazi gintuen euskaldunak ginen orduan arazoa. Eta egun?