argia.eus
INPRIMATU
"Euskadi Directo"
ALBISTEGI LOKALAK ABIAN ETB-N
  • Azaroaren 6tik aurrera ETB-2n albistegi lokal berria dugu ikusgai. "Euskadi Directo" du izena eta egunero 13:20etan Euskal Autonomia Erkidegoko herrien informazioa zabalduko du. EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak albistegi bana izango dute.
2021eko uztailaren 15a
Susana Erroz kazetariak aurkezten duen programa berri honek informazioa eta entretenimendua nahastuko ditu, eta Euskal Telebistaren hurbileko albistegien eskaintza osatzen du.
Albistegiak Euskal Autonomia Erkidegoan gertatzen den azken orduko edozein berri eskainiko du, Nafarroarako deskonexioan "Navarra Directo"k ala Ipar Euskal Herriarentzat ETB-1n "Iparraldearen Orena"k egiten duten bezalaxe. Honela, euskal kate publikoak albistegi lokalen sarea osatutzat jo du.
Programaren helburua hauxe da, hurbileneko informazioa eskaintzea, hiritarrei gehien interesatzen zaiena egunero era atsegin eta ezberdinean plazaratzea, bestelako albistegien konbentzionaltasunean erori gabe. Iñaki Redin programaren zuzendariaren esanetan: "Euskadi Directo albistegiaren eta magazinaren arteko sinbiosia da. Informazio hutsa magazinaren freskotasunaz nahasten saiatuko gara, ikusleari era natural eta hurbilean zerbitzatutako albistegia eskainiz".
Saio berria gizarte informazioan oinarrituko da, politika gaiak alde batera utziz. Helburua zera da, ezinbestez politikan zerikusia duten arazoen berri ematerakoan berauek giza ikuspuntutik tratatzea, beti ere arazoak hiritarrengan duen eragina jorratuz eta bere giza alderik nabarmenena bilatuz.
Ondorioz, planteatuko diren gaien artean ekologia, artea, hirigintza, bitxikeriak, kultura, zerbitzu publikoak, hiritarren kexuak... izango ditugu eta horretarako garrantzi handia izango dute kalean jasotako iritziek. Programa honen beste helburuetako bat albistegi arruntetan sartzerik ez duten baina zer kontatua duten pertsonei aukera ematea da. Horretarako, teknikari eta erredaktoreen taldea hiru herrialdeetako hiri eta herrietan zehar jendearen eta gaien atzetik ibiliko da. Talde hau, estilo fresko, pertsonal eta hurbilarekin, Susana Errozek koordinatuko du platotik. Kazetari hau "Navarra al Rojo Vivo" Nafarroako jaiei buruzko saioaren aurkezle gisa egin zen ezaguna EITBn.