argia.eus
INPRIMATU
SANTUARENA JOTZEN
  • Hilotz eta marmol hotzak lorez eta lazo handiz apaindu ohi ditugu. Berdin dio gainean hartuko dituen hari gustatzen ez zaizkion kolore, forma edo usainekoak badira.
Jakoba Errekondo 2000ko azaroaren 12a
Udazkena bere onenean denean izaten da hildakoez gogoratzeko izendatua dagoen eguna. Urtean zehar ama, ingurumena edo ihesaz gogoratzekoekin bezalaxe hildakoak, gure hildakoak, urtean behin gogora ekartzearekin nahikoa egiten dugu. Gure punta puntako bizitza finean gu ziren joandako haiek beste gai gogaikagarri bat gehiago bilakatu dira. Beno asaldatu baino lehen landareetara noan...
Hildakoak gogaikarriak izango dira baina etxekonekoen papoa eta gandorra geureak baino haizetuago eta tenteago ikustea jasan nahi ez badugu itxurazko itxura egin beharra dago. Orduan bai, hilotz eta marmol hotzak apaintzeko zeinek baino zeinek erramilota eta lazo handiagoa erakutsi. Gainean hartuko dituen hari gustatzen ez zitzaizkion kolore, forma edo usainekoak badira ere berdin da, milardoak eta milardoak lore usteltzen dira harri dotoreetan bizitza aldarri beharko lukeen egun horretan.
Tarteka poz piska bat izaten dut, hala ere. Gure herriko aiton batek lorategian loreak landatzen dituenero ondoko errepidean aspaldiko istripu batean hil zen gazte baten oroimenez pare hartan jarria duen lorontziko landareak berritzen ditu; hura han hil baitzen, bere ondoan. Aiton hau joaten denean bere eta gaztearen lorategiak harlosa baten gainean ustelduko dira urtean behin. Nola ez naiz bada asaldatuko?.