argia.eus
INPRIMATU
GAUEKO ENURESIA
  • Gaueko enuresiak EAE-ko 28.000 umerengan eragiten du. Komenigarria da haurra ahalik eta azkarren medikuaren eskuetan jartzea, arazorik sor ez dadin.
Jabier Agirre 2000ko azaroaren 12a
Gaueko enuresiak (edonork ulertzeko moduan ohean pixa egiteak) 5 urtetik 15era bitarteko 28.000 ume inguru afektatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Patologia hori larria ez den arren, ondorio psikologiko eta afektibo larriak eduki ditzake umearentzat behar bezala tratatzen ez bada, Maria Angeles Municio pediatra eta Haur-Erizaintzako katedradunak Bilbon adierazi bezala. "Gau-enuresia loaldia bitartean pixa egitea izango litzateke, umearen borondatearen kontra. Eta horri enuresia esaten zaio, umeak bost urte bete ondoren ere, ohean pixa egiten jarraitzen duenean".
Municiok esan bezala, gaueko enuresia ez da arazo larritzat hartzen ikuspuntu medikotik baina umeentzat eta baita berorien gurasoentzat ere benetako arazo bihur daiteke, harreman familiarrak asaldatzeraino, konplexuak eraginez, eta arazoa etxe barruan ezkutatuz, beste pertsona batzuek ezagutu ez dezaten. Horrexegatik arazoa medikuaren eskuetan jarri behar da lehenbailehen, soluzioak badaudelako, eta ez delako etsipenean erori behar.
Dena den, bi eratako enuresiak bereizi behar dira: primarioa batetik, betidanik hor egon dena; eta sekundarioa bestetik, umeak sei hilabete baino denboraldi luzeagoan gauez pixarik egin gabe egon ondoren, edozein arrazoirengatik (psikologikoak, gehienbat) agertzen dena. Kasu hauetan arrazoi sortzailea da tratatu behar dena, ez enuresia.