argia.eus
INPRIMATU
"Sormena eta Industria"
ETORKIZUNEAN TELEINTERNET
  • Izen horrekin, urriaren 25ean Donostiako Kursaalean jardunaldia izan zen. Bertan, telebistaren munduko hainbat profesionalek hartu zuen parte, pantaila txikirako etorkizunak gordetzen diguna asmatu nahian. Besteak beste Iñaki Gomez, IBAIAko presidentea izan zen.
2000ko azaroaren 12a
IBAIA Euskal Herriko ekoiztetxe independienteen elkartea da eta gure lurraldean funtzionatzen duten erdiak biltzen ditu. Elkarteko presidenteari, Iñaki Gomezi, etorkizuneko ekoizpenaren inguruko hausnarketa egitea suertatu zitzaion jardunaldi honetan.
Etorkizuneko telebistaren gakoa Interneten funtzionamenduan aurki dezakegu honenbestez. Ekoizpen industriaren lana telebistarako ikus-entzunezko edukiak sortzen jarraitzea izango da, ikusleak entretenitzeko helburuarekin. Baina lan egiteko erak zeharo aldatuko dira.
Interneten eraginez, interakzioa heldu da telebistara. Ikusleak, gero eta gehiago, telesail baten egituran eta garapenean zeresan handia du, eta gidoilariek beren bezeroen esanetara lan egin beharko dute: pertsonaiak jarri, kendu, istorioa modu batera edo bestera garatu... alternatibak milaka dira.
Eta alternatibak dira, hain zuzen, gidoilariek eskaini beharko dituztenak, ikusleak berak erabaki dezan istorioak nondik nora jo behar duen eta zer ikusi nahi duen.
Horretarako hainbat dira erabiliko diren baliabideak, hala nola, "zuhaitz-kontakizuna" (istorioan zehar aukeratzeko bide ezberdinak eskaintzea), "kontakizun multifokala" (istorio bera pertsonaia ezberdinen ikuspuntutik bizi ahal izatea), "kontakizun topografikoa" (jadanik hasia den istorioan aurrekariak ezagutzeko aukera izatea) edota "puzzle-kontakizuna" (istorio bat sortzeko zatiak eskaintzea.
Beste berrikuntza batzuk hauek izango dira: programei eta pertsonaiei buruzko chat eta telesalmentaren garapena (protagonistaren jantzia erosi ahal izatea esaterako) edota soinu banda aldatzeko parada izatea (Ally McBeal telesailean dagoeneko egiten dute).
Ikuslea errege bihurtuko da eta eskaintza merkatutik eskaeran oinarritutako merkatura igaroko gara. Telebistan hitzorduaren kontzeptua galduko da, albistegiak bederatzietan direla esaterako; aurrerantzean albistegiak ikusleak nahi duenean izango dira, eta gauza bera gertatuko da beste edozein programarekin. Ekoiztetxe guztiek egokitu beharko dute aldaketa hauetara.