argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
MOZKINAK ETA IRUZURRAK
Daniel Udalaitz 2000ko azaroaren 05
Urteko lehen 9 hilabetetan enpresa handiek eta finantza entitateek izandako mozkinak argitaratu dira. Badirudi batzuei ekonomikoki ondo doakiela. BBVAk iazko datuekiko %26ko igoera izan du, denera 260.546 milioi pezeta jaso ditu eta Repsolek 190.000 milioitik gora. Endesak 212.000 milioi pezeta baino gehiago irabazi zituen iaz eta Iberdrolak 129.000 milioitik gora. Enpresa handiek diru kutxa publikoetara jotzen dute langile kostuak murrizteko. 50 urtetik gorako langileentzako aurretiko erretiroak INEM eta Gizarte Segurantzako diru kutxekin egiten ari dira enpresa horiek, hau da, gure zergetatik jasotako diru publikoarekin. Azken kasu ezaguna Endesarena da, dagoneko 5.000 langileentzako aurretiko erretiroa mahaigaineratu du eta, horretarako, 3.000 milioitik gora pezeta beharko dira. Antzeko zerbait gertatuko da Iberdrolarekin. Larriena da Espainiako Gobernua laguntzen ari zaiela. Eta hori zergak ordaintzen dituzten hiritarrei eginiko iruzurra da. Ez baitituzte ordaintzen milioi askoko mozkinak dituzten enpresen kostuak murrizteko. Erabateko iruzurra.