argia.eus
INPRIMATU
Goenkaleren 7. Denboraldia
MARKA GUZTIAK HAUTSI NAHIAN
  • Goenkale dagoeneko Espainiako Estatuko telesailarik zaharrena bihurtu da bere zazpigarren denboraldiaren hasieran. Orain, bere eguneroko 100.000 ikusleekin batera, Britainia Handiko eta Estatu Batuetako ekoizpen mitikoen iraupen-marketara hurbiltzen hasiko da.
2000ko azaroaren 05
Sofres neurketa-etxearen arabera 97.000ra iristen da gauero Goenkale ikusten duten euskaldunen kopurua, bere zazpigarren denboraldia hasi zuenetik hilabete igaro denean.
Ekoizpen hau zenbait europar eta amerikar telesailen urratsen atzetik dabil orain. Hauek, hainbeste urtetan antenan izan ondoren eta belaunaldi ezberdinen arreta bereganatu ostean, mitikoak bihurtu dira beren herrialdeetan, eta gure kasuan Goenkalek ez dirudi oso urrun ibiliko denik.
Horien adibide garbia dira, esate baterako ,"Neighbours" (13 urte BBCn), "Brookside" (16 urte Channel 4n), "Emmerdale" (26 urte ITV Carlton-en), eta denetan aintzinakoena, ITV Carlton-en 37 urte "besterik ez" daramatzan "Coronation Street" ospetsua.
Espainiako Estatuan Goenkalek marka guztiak haustea lortu ditu; izan ere, berau izan da hainbeste denboran eta etenik gabe antenan irautea lortu duen lehen telesaila. Gainera, eguneroko tarteaz emititutako saioen artean 1.200 ataletara heldu den lehena izan da (zehatz-mehatz, urriaren 25ean 1.225).
Historia guztian marka horretara gehien hurbiltzea lortu duen telesaila "El Super" izan zen, eta ez zen 600 ataletara ere iritsi.
ETB-1eko saio hau, gainera, Espainiako Estatuan aitzindari izan dela esan genezake, bere generoan, seriatutako draman, lehenetakoa izan baitzen. Genero honek urteak daramatza Europa eta Estatu Batuetan beste hainbat saioei lehia gogorra azalduz, baina penintsulan ez da hain ezaguna.
Genero honetan, aipatutako telesailetan gertatzen den bezala, zenbait sendi edo komunitateren arteko eguneroko poz eta arazoak dira hizpide nagusia, eta gauza bera gertatzen da Arraldeko protagonistekin.
Goenkaleko gidoiek, horrenbestez, arazo korapilatsu eta zailei ere egin behar izan diete aurre, hala nola, hiesa, homosexualitatea, arrazakeria, boterekeria, tratu txarrak... Izan ere, saioaren arrakastaren gakoa horretan izan daiteke: eguneroko kontuak eta gizartearen arazoak pertsonaia errealista eta sinesgarriengan islatzea, honi guztiari eskena-jartze eta ekoizpen esfortzu handia laguntzen diotela.