Euskararen egoeraz oso kezkatuta zaudela esango nuke.Izan ere, euskara gure herriko baliorik garrantzitsuenetako bat da. Eta hizkuntza eskubideak azpimarratu behar dira hemen, ez direlako iraganeko kontuak, liberalek-eta esaten duten bezala. Eskubide kolektiboak eta gizabanakoenak elkartu behar ditugu. Beste hizkuntzak errespetatu eta geurea ere errespetarazi. Baina beti arrazoiarekin, ez indarkeriarekin.
Eurogutunaren onarpenean parte hartu zenuen... Hala da, Arartekoa nintzelarik. Baina Frantziak orduan ez zuen onartu Europako Kontseiluak aurkeztu zuen Eurogutun hura. Eta iaz azkenean onartu bazuen ere, Frantzian bertan ez du baliapenik, Konstituzioaren 2. artikulua aldatu ezik.
2001a Europako Hizkuntzen Urtea izango da. Zertarako? Hizkuntz aniztasunak Europarako Batasunaren barnean berez dakarren ondare aberastasunaz europarrak jabearaztea eta hizkuntzen ikasketak bizitza osoan bultzatzea ditu helburu.
Alda ditzake gauzak Konstituzio frantziarrari dagokionean? Nork daki. Politikariek kontuan hartzen badute... Hala behar lukete. Beren burua abertzaletzat duen askok ere, hobe dute euskara ikastea eta erabiltzea. Eta federalistatzat azaltzen diren sozialistak ere, azalpen horren arabera, hobe dute bi hizkuntzak ofizial diren Autonomi Erkidegoan, Hezkuntzari dagokion ekintza sailean, D eredua onartu. Hemen, bake biderantz abiatuko bagara, bi hizkuntzak ditugu beharrezko. Ez bakarrik elebitasuna onartu, baizik, ONUren arabera, egun hain beharrezko diren teknika eta tresneriei ere bere lekua eskainiz. Gehiegi eskatzea ote da milaka urtetan iraun duen hizkuntzaren alde?