argia.eus
INPRIMATU
ASTELEHENA, INFARTUEN EGUNA
  • Astelehena omen da infartuen ondorioz jende gehien hiltzen den eguna. Asteburuetako gehiegikeriak eta berriro lanera joateak sortzen duen estresa dira errudunak.
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
British Medical Journal aldizkari ospetsuak hauts ugari harrotu dituen lan bat argitaratu zuen duela gutxi: astelehena omen da infartuak eragindako heriotza-kopuru handiena ematen duen eguna, beste edozein egunetan baino % 3 gehiago hain zuzen ere. Ikerketak, Britainia Handiko Osasun-Zerbitzu Nazionalak eta Glasgow (Eskoziako) Unibertsitateak batera egindakoak, bi faktoreri egozten die horren arrazoia: asteburuan egin ohi diren gehiegikeriei batetik (drogak bezala baita alkoholarenak ere), eta hastear dagoen astean egin beharreko lanak eragiten duen estresari bestetik. Laneko tentsioak oso fama txarra zuen lehendik ere bihotzeko arazoak portaera-patroi jakin batzuekin lotu nahi zituzten ikerketa ugaritan.
Aurreneko aldiz frogatu izan da eguneroko emozio negatiboek (frustrazioak edo tentsioak esaterako) bikoiztu egiten dutela paziente koronarioek miokardioko iskemia jasateko duten arriskua, eta gaitz horrek infartuak eragin ditzake luzarora. Ez dator gaizki gogoraraztea ARISE izeneko erakunde zientifiko britainiarrak esana zuela lehendik ere (mundu osoko herrialde desberdinetan 5.000 langileren artean egindako zundaketa baten bidez) lana dela estres-arrazoi nagusia, eta tentsioa, batez ere, langile gutxirentzako lan gehiegi pilatzen denean agertzen dela. Atera hortik kontuak, eta kontuz astelehenarekin!!!