argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
ZURA USAINTSUAK
  • Landare batzuek usain bereziak osatzen dituzte zurean. Zur usaindun hauei erabilera ugari eman zaie, esaterako, zedroa armarioetan erabili izan da arropei usain gozoa emateko.
Jakoba Errekondo 2000ko urriaren 29a
Zuretik hartutako hari hau ez dut aspaldi alboratutako ezpal ezezagun samar batetaz aritu baino lehen puska baterako utzi nahi. Zuren usainaz ari naiz. Landare batzuk biziraupen estrategia gisa erabiltzen dute usaina: ondoko intsektu eta animali batzuk loreetara erakarri eta beste batzuk uxatzeko, hosto eta azalak landarejaleen koskaizoetatik babesteko eta abar. Zergatia ondo ezagutzen ez badugu ere landare batzuk beren usain bereziak zurean ere osatzen dituzte.
Zur hauek bitxitzat jo izan dira eta egun ia erabat galduta ditugun aparteko erabilerak eman izan zaizkie: ipuru desberdinen usain fina aldare batzuetako gaineko oholetan suma daiteke, zedro libanoarra eskuera izaten da -arkatzetan adibidez- alde ederreko usaina baitu igurtzi on baten ondoren, sandaloa edo baltsamoaren eta zedroa beraren zurez armairuak eta kutxak egin izan dira arropa usain gozoz jantzi dadin eta sitsak jo eta jan ez dezan, iparramerikar indigenek zedro gorriz egindako pitxiak gurtzen dituzte eta abar.
Hala ere, usain hauek zuraren beraren iraupenerako dira onenak. Beti gertatzen den eran batzuentzat usaina dena kiratsa baita beste batzuentzat. Honela usain nabarmenak dituzten zurok pipia, sitsa, termita, onddo eta abarrek ez dituzte jotzen.

>