Leku gazteei!" aldarrikatzen zuen, erabat baikor, ZERUKO ARGIAk, bere 399. zenbakian, minigona polit bat soinean zeraman neska gazte panpoxaren argazkiaren goialdetik. Azpialdean, berriz, alegoria antzeko bat agertzen zuen, esanaz denok izan gintezkeela zahar atzetik datozenentzat, edo. Baina garrantzitsuena, behar bada, ogitarteko horren erdian ikus zitekeena zen: neskatoa begiak erre beharrean egunkaria irakurtzen (hari itsatsita zeuzkan, bederen), alboko emakume edadetuak "Le Figaro"ren kontuak baztertu eta bestearen gaztetasunari so gelditzen zen bitartean. Ala azkazalak jaten zituen era izango ote zen arreta piztu ziona?
LANTOKIA ITXIRIK ETA LANGILEAK KALEAN.
Sasoikoak izan ala helduak, bestelakoak ziruditen garai hartako langileen kontuak. "Afrika beltzean gauzak ere beltz. Baiña ez an bakarrik. Baita emen ere", azaltzen zuen, hasieratik bertatik, astekariaren editorialak. "Kapitalismoaren atzapa-rrak ez dute errukirik ez iñon eta ez iñorekin", jarraitzen zuen esaten. "An -Kamerungo Nkongsambaz ari zen- eta emen beti berdin jokatzen du. Al duan dirurik gehiena egin eta pillatzea da bere elburu nagusia. Ortarako gezurra esan behar badu, esan egiten du. Langillea kalera bota behar badu, bota egiten du. Armak behar badira, eskuratu egiten ditu. Jendea goseak euki behar bada, euki egiten du. Giltzapean sartu behar bada, sartu egiten du. Baita gotzaia bada ere. Al duan dirurik gehiena egiteari bakarrik begiratzen dio". Ez zen horretan gelditzen salaketa gogor hura, haatik: "Ortarako indar guziak bereganatzen ditu: agintea, armak, eliza, irratia, telebista, egunerokokoak, aldizkariak, sindikatuak...".
Leku gazteei! esan beharrean naiz ni neu ere, sindikatuen salaketa hori gaizki ulertzeko trantzean egongo da bat baino gehiago-eta. Izan ere, 1970. urtean, Kamerunen ez dakit, baina Espainiako Estatuan baiezta dezaket "Sindicato Vertical" delakoa baino ez zela existitzen... legalki, bistan da. ZERUKO ARGIAren editorialak aipatzen zituen sindikatu horiek, beraz, indarrean zeudenak baino ez ziren! Horregatik zioen jarraian: "Eta erakunde zakar orren azpian langillea; esku-utsik, indargabe, ezjakin, diru-truke bere lana, izerdia eta bizia nagusiaren diru-kutxa astun eta beteak ugaritzeko saldu beharrean. Oilloa axariaren ortz eta atzaparretan bezela langillea ere nagusiarenetan".
HIRU HILDAKO GRANADAN.
Zer dela-eta mintzo zen hain suharki, garbiegi apika, aipatu editorial hori? Arrazoia ez zitzaigun idazlan horretan ematen, "Euskalerritik begira" deitzen zen sailean A.F.-k argitara ematen zuen "Langille arazoa" idatzian baizik. Gipuzkoako Alfa, Arruti eta Ayala-ko langileak mobilizazioak egiten ari ziren, Espainiako Estatuko beste hainbat lekutan bezala. Baina larriena ez zen hori, larriena aste batzuk lehenxeago Granadan gertatua zen: "Uztaillaren azken aldeko egunetan, Granadan iskanbilla izugarriak izan genituen; gure artean aspaldi izan diranik haundienetakoak bai, alegia. Etxegintzako obratan ari ziren langilleak, lan bideari dagozkien eskubideak zuzentzeko alkar-izketak antolatzen ari ziran, baiña egiñalak egin da gero eta itxura jatorrean ezer etzutela iristen ikusirik, indarkeriari leku eman zioten eta hiru hil. Ustegabe? Etsita? Itsumustu batean? Eguneroko guztiak Granadako zoritxarrak aitatu zizkiguten, baiña presaka ta buztana ankapetan izkutatu nahiean. Noiz arte utzi sustraiak aztertu gabe? Noizko auzia? Benavent gotzaiak bere pastoralan zion bezala, kaleko zaratari, gertakizun hauek sortu dituzten sustraiak baiño ajola haundiagoa eman nahi zaie".
Ezer ez zegoela, ofizialki, garbi, baina gure aldizkarikoek bazituztela beren susmotxoak, esango nuke nik... Dena dela, eta editorialera itzuliz, haren egileen aburuz bazen giro hari guztiari langileak eman ziezaiokeen erantzunik ere. Honoko hauxe, urrutira joan gabe: "Zer egin? Ba-du olloak ere mokoa. Ai axariari begian sartuko balio! Ba-ditu egoak kosketara igotzeko. Baiña kuxkurtu egiten da. Ikaratu. Jakiña, onela beti galduko du. Onela beti axariaren janari izango da. Langilleak ere burrukan egin behar du. Ez du lotan jarraitu behar. Ez du egon behar. Entzun, irakurri, ikasi, bildu, esnatu egin behar du. Sindikatu jator bat sortu edo jator batean elkartu behar du", alegia, "iraultza-griñaz bizi behar du. Ez du oilloa bezela kuxkurtuta geldi behar".
A.F. delakoa, berriz, bareago agertzen zen bere lanaren erabakietan: "Laster hasiko da Cortes-etan sindikal lege berriaren ezta-baida. Igaz ezagutu genduen sindikal-legearen proiektoa, ta ageriko kontradikzioa igartzen degu aurrena zenbatzen diran oiñarri eta gero ezarri nahi dan estruktura artean. Izan ere oiñarri edo asmo generalak eta Gotzai-batzarrak eman zigun dokumentoa eta OIT-ek bere aldetik eman zuan iritzia, malla batean ikusten ditut baiña ez horrela sindikal organizazioa estrukturatzean. Sindikatoak, sindikatoa izateko, bide zuzenetik iritxitako representazioa behar du. Baita bakoitza izateko ta erabakitzeko eskubidea ere, Estaduengandik aparte. Eta azkenik askatasuna sindikatoak biltzeko eta organizatzeko. Sindikal lege berria bide hortatik jarriko al da? Auskalo! Ara bada. Beste edozein jomuga alperrikakoak izango dira, langilleen eskubideak benetan errespetatzeko".