Mauletik OlorUerako bidea hartuz, segituan Sohüta dugu. Bere gazteluaren inguruan Frantziako erregearen gudarosteek Matalas eta zuberotar eskubideen aldeko 400dik gora (Matalas bera barne) gudari erail zituzten.
4 kilometrotara Uhalten ezkerrera eginez, "postaleko" paisaje zoragarriak zeharkatzen hasiko gara, zuhaitz pila eta landaretza zabalaren artean. Tarteka-marteka ohiko xiberotar teilatu urdindun baserri eta bordak ikusiko ditugu.
Bidegurutzetik 8 kilometrotara Ospitale-Pia (L´Hôpital-St. Blaise) dugu. Eliza erromaniko-bizantiar harrigarria Santiago Bidearen etapa garrantzitsua zen. XII.ean eraikia, gurutze grekoan, eragin hispaniar-arabiarrak ditu, kanpandorre oktogonalari eusten dion izar itxurako kupulan, mudejar estiloko leihoetan, arku polilobulatuetan, sarrerako kapiteletan... perla artistiko bakarra bihurtuz.
Berriz ere bidegurutzean, orain ezkerrera Barkoxerantz joko dugu. Gero eta paisaje ikusgarriagoak begiratzen joango gara, eta 7-8 kilometrotara bailaretako eta Pirinioetako ikuspegi ederra izango dugu. Kilometro bat gehiago eginda ikusiko duguna Barkoxe kokatzen den bailara polita izango da. Herri lasai honetan Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) bertsolari-idazle handia jaio zen. Bere olerkiak herriaren ahozko tradizioari esker gorde dira, bere sendiak hiltzean idatzitako koaderno guztiak erre zituelako.
Oloruerako errepidea segitzen badugu, 7 kilometrotara Euskal Herritik kanpo, Frantziako Biarnon dagoen herrira helduko gara, Eskiulara.
Zuberoan elizak ere bereziak
Berriz ere Maulera itzulirik, orain Atharratzerantz joko dugu. Lehenbizi Irabarne-Libarrenxetik (eliza hirukoiztarra eta jauregi bat) igaroz.
Gotañek eliza hirukoiztar oso ospetsua du. Berau marko zuridun leihoak eta paretetan landareak dituen etxe baten aurreko bidegurutzean ezkerrera egina dago. Zuberoako eliza berezi hauen harrizko aurrealdea kalbario-kanpandorre hirukoitz batek errematatu ohi du. Erdiko tontorra beste biak baino altuagoa denez, Kalbarioa adierazten duela uste da: Jesus eta bi lapurrak gurutzeetan.
Mendikota (Menditte) herrixka politera iristeko errepidea pixka batean utziko dugu, eta berriz itzultzean Zalgizetik (Sauguis) pasako gara. Iruri (Trois-Villes), berriz, bi pertsonaia historikoren jatorria da. Pierre Bordazaharre "Etxahun" (1908-1979) konposagile, olerkari eta idazlea pastoral mordoaren egilea izan zen, eta "Agur Zuberoa" kanta ere berea da. Jean de Pyrer Tréville-ko Kondeak berriz, Matalas zuberotarraren altxamendua eragin zuen, eta Alejandro Dumas-en "Hiru Mosketeroak" liburuan aipatzen da.
Laster Atharratzen gaude, Zuberoako bigarren gunean. Etorri garen moduan Atharratzeko plazako ezkerreko ertzetik sartu, eta 20 metrora berriz ezkerrera eta gorantz hasiko gara. Hemendik aurrera, seinale ugariak jarraituz, bide estu batek Sustaineko lepotik pasatu eta Madalengo bista zoragarrietara garamatza.
ATHARRATZE
Atharratze-Sorhlüze Zuberoako bigarren merkatal gunerik garrantzitsuena da, bere kokapen estrategikoa aprobetxatuz. Horrela, Zuberoako zentroan egoteak probintzia miragarri honetan zehar egin daitezkeen txango ugarietarako abiagune aproposa bihurtzen du.
XII. mendean Atharratze gotorlekua zen, eta Erdi Aroan bertako jauntxoa Ingalaterrako erregearen alde azaldu zen, Zuberoako Bizkondea errefusatuz. 1859. urtean Sorholüzeri bildu zitzaion. Bertako pertsonaien artean Agustin Xaho (1811-1858) iraultzaile eta idazle abertzale ospetsua aipatu behar dugu.
Ikustekoak
Erdialdeko enparantzaren egiturak Zuberoako Bizkondeak 1289an eraiki zuen antzinako bastidaren (antzinako gotorleku-herriak) planoei dagokie. Plazaren inguruan arkupeen gainean eraikitako etxeak ditugu, osotasun atseginean. Hementxe daude jatetxe, denda, hotel eta gainerako gehienak. Gaur egun Hotel Trinquet dago Agustin Xaho jaio zeneko etxean.
Uhaitzandi ibairantz jaitsiz pasealeku bat hasten da, azken zubirantz. Hemendik mendixka batean dagoen Santa Luzia elizaraino igo gaitezke, eskailera batzuetatik.
Madalena Mendia
Atharratzeko erdialdetik Zuberoan dagoen ikuspegi ederrenetakoak dituen mendira igoko gara kotxez. Gailur pribilejiatu honek Zuberoako haran zoragarriak eta Pirinioetako zati handia ezin distiratsuago behatzea ahalbidetuko digu.
Tontorrean bertan baseliza bat dago, dirudienez, antzinako tenplu pagano eta gero erromatar baten gainean eraikia. Horrela, aldare nagusiaren ondoan III. mendeko beste aldare bat dugu.