argia.eus
INPRIMATU
Aingeru Epaltza
"NOLABAITEKO MEZUAK DITUEN ABENTURA NOBELA DA"
Pilar Iparragirre 2007ko otsailaren 21a
Irakurri dudanagatik, zu ez zara batere futbolzalea. Zer dela eta aukeratu zenuen gai hau?
Oso futbolzalea den seme bat dut. Horregatik edo, bururatu zitzaidan futbitoaren inguruan egindako nobelatxo bat idaztea. Gazte edo haurren txapelketetan girotutako liburua da. Eta beno, batzubatzuek haserre agertu zaizkit, futbitoaren inguruan idatzi dudalako. Interes gutxiko gaia dela diote, ea zer aporta dezakedan nik horretan... Baina nire iritziz "Baloika" abentura nobela ere bada, eta nolabaiteko mezuak daramatza.

Nortzuk kritikatu dizute idazlana, haurrek ala helduek?
Haurrak ez direnek kritikatu dute nire idazlana. Kritika hori lagunengandik jaso dut, ez haurrengandik. Irakasle eta abar direnengantik. Zu ere horretaz idazten! Ez genuen besterik behar..! Horrelakoak esaten zizkidaten, futbolaz gehiegi hitzegiten dela eta liburuan ere gai hori aipatzen dudalako. Baina nik haurrentzako erakargarria izan zitekeen gai bat aukeratu nahi nuen, haienganako hurbilketaren bila nenbilelako. Eta futbolaren mundutik abiatuta beste zerbait kontatu nahi izan diet. Liburu bitxi bat egin nahi izan dut, ez geldoa. Zinematografiko samarra esan nahi dut.

Lortu duzulakoan zaude?
Baietz uste dut. Akzioz beteriko liburua da. Bizitzaren filosofia duela esatea gehiegi litzateke, baina baditu bere mezuak ere. Sexismoaren kontrako mezua, lehiakorkeriaren aurkakoa, beti irabazle izan behar horren aurkakoa... Herri honetaz ere metafora txiki bat baduela iruditzen zait. Ez dakit haurrak ohartuko diren horretaz, baina liburu guztiak haurrentzat eta ez hain haur direnentzat idazten direnez, behar bada helduak ohartuko dira.