argia.eus
INPRIMATU
Anboto Telebista
MARIK ERE TELEBISTA NAHI DU
  • telebista bat sortzeko ekimena aurkezten ari dira udaletan eta mankomunitatean. Datorren urtarrilean martxan hasteko erantzunen zain daude orain.
2021eko uztailaren 15a
Ekimenaren txostenean azaltzen den bezala, Anboto Telebistak eskualdeko herritarrei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezko tresna izan nahi du, hots, euskarari arnas berria, modernoa emateko eta edozeinek euskaraz bizi ahal izateko pizgarri bat gehiago.
Telebistaren eremua, zehatz-mehatz, ondorengoa izango da: Izurtza, Mañaria, Otxandio, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar, Durango, Iurreta eta Garai. Bultzatzaileak, bestalde, Zaldibar, Elorrio, Iurreta eta Durangoko euskara taldeak izan dira, eta Durangaldeko Herri Komunikabideak-en eskuetan utzi dute bere kudeaketa. Hala ere, sortzaileen asmoa orokorragoa da. Herriko agente (kirol talde, elkarte, enpresa, ikastetxe, gizatalde...) guztiak inplikatu eta proiektuaren partaide izatea nahi dute.
Programazioari dagokionez, bertakoek egindakoa eta bertakoentzako izatea da helburua. 2001eko urtarriletik aurrera aukera oparoa izango da. Albistegiak eskainiko dira ordu erdiz eguneroko berriak bilduz. Aurkezle bat eta herri bakoitzeko berriemaleak izango dira lan taldean. Kirol alorrean Durangaldeko futbola, saskibaloia, txirrindularitza, herri kirolak, errugbia eta beste makina bat gai jorratuko da. Osasunari, modari eta gainerako gaiei buruz aritzeko tartea magazinean izango da. Eztabaidak, bertsolaritza, folklorea, enpresa mundua, musika eta antzerkia ez dira faltako. Umeentzako "Olgetan" saioa prestatu dute.
Antolatzaileek behin eta berriz helburu nagusia euskara hedatzearena dela eta telebista hau euskaraz izan behar dela errepikatzen dute. Batez ere, bertako informazioak hala eskatzen duelako eta telebista elebidunetan sinesten ez dutelako: "Komunikabideen elebitasuna gezur mozorrotua besterik ez da. Gaur egun ordaindutako 40 bat kanal ditugu... erdaraz. Bat bakarra euskaraz. Bihar-etzi, proportzioa 500 kanal erdaraz, bat euskaraz izango da".
Honez gain, Anboto TBk ETBren osagarri izan nahi du, tokian tokiko berriemaleak, azpiegiturak eta harrobi lana eskaini ditzakeelako.
Aurreko guztiagatik, eta sarreran aipatzen genuen moduan, ekimen honen arduradunak orain udalen eta mankomunitatearen erantzunaren zain daude, batetik babesa, eta bestetik, -nahiz eta beren helburua autofinantziazioa den- martxan jartzeko (azpiegitura teknikoa eta teknikari bat kontratatzeko) diru laguntzaren bat behar izango dutelako.