argia.eus
INPRIMATU
IRITZI EZBERDINEN ANTOLATZEKO BIDEAN
Ixabel Etxeberria 2000ko urriaren 29a
Abertzaleen Batasunaren (AB) biltzar nagusitik Miarritzeko goi bilera bitarte bizitza politiko aberatsa izan dugu Ipar Euskal Herrian. Borroka armatuaz jarrera bat trinkatu behar zuen ABko biltzarrak izigarrizko interesa sortu zuen. Erabakiak aitzinetik hartuak ere! Borroka armatuari buruz asko hitz egin da Iparraldean, jende asko hunkitua eta presondegiratua baita. Alta, biltzarrean galdera ainitz zeuden zintzilik: Hegoaldeak ezagutzen duen enfrentamentua ez baitzen honera ekarri nahi eta zatiketaren arriskua ere hor baita. ABk hartu duen bidea zentzuzkoena da. Iparraldean politika egin nahi duen mugimendu honentzat arriskua hausturan baitzen. Zatiketaren saihestearekin ABk heldutasun politikoa erakutsi du eta abertzaleen eremu politikoa zabaltzeko beharrezkoa den batasuna babestu ere bai.
ABan tendentzia desberdinak daude, eta ez borroka armatuari buruzko jarrerarengatik bakarrik. Lan metodoa, taktika eta helburu ertainei buruz -departamendua edo autonomiari buruz joan ala ez-. Herriko taldeetan indar nagusia eman edo indar metatze bat talde baten inguruan ematea dira aipa daitezkeen jarrera horietako batzuk. Jarrera hauek, azken gertakarien eta azken kanpainen antzutasunek bertze bide batzuen jorratzeko borontateak ondu dituzkete. Hortik etor daiteke berrikuntza bat ABren baitan.

IPARRETARRAK erakundeak "Ildo" barne-aldizkari berri bat karrikaratu du, Iparraldeko borrokak bere berezitasuna baduela, eta hori gabe eraikuntzarik ez dela izaten ahal erran du. Bere azterketan IKk ez du berrikuntzarik ekarri, baina bidea egiteko hor dagoela agertu du. Oraindik eztabaidetan partaide bat izaten jarraitzen duela oroitaraziz, honela dio:"Ez dugu sekulan armen bidez estadoaren plegarazteko pretentzionerik ukan, ez eta protagonismo osoa hartzeko xederik ere. Izpiritu berdinarekin segitzen dugu. Borroka armatua bertze borroken osagarri gisa ikusten dugu oraino ere". Hegoaldean borroka armatuak ekartzen dituen ondorioengatik izigarrizko kritikak jasaiten dituen unean, Iparraldean abertzaletasunaren indartzeko borroka armatuaren baliogarritasuna azpimarratzen du. Baieztapen honek behar luke beste oihartzun bat ukan, egoera politikoak desberdinak baitira. Erakunde honentzat departamenduaren aldeko desmartxa porrot baten aitzinean dela uler daiteke azterketan; Frantziak ez duela inongo urratsik eman, nahiz eta eskakizun hori eskasa izan. Uler daiteke IKk onartu duela ABk bultzatu duen departamenduaren eta ofizialtasunaren aldeko kanpaina, baina prest dela benetako estatutu baten alde lan baten abiatzeko.
EMAk tendentzia gisa agertzeko nahikundea plazaratu du agiri baten bidez, ABn jarraitzeko asmoarekin eta helburu politikoen urrunago eramateko helburuarekin, hala ere. ABn benetako debate baten bultzatzeko osagaiak hor daude. Heldu den martxoko herriko hauteskundeetan, denak batera eta eskakizun berdinen inguruan aurkezteko beharra azalduko da. Hauteskundeak helburu izanen ditugu, ahantzi gabe nazio eraikuntzan hasi lana jarraitu behar dugula. Izan ere, bide horretan lan desberdinen uztartzeko beharra nabarmendu da berriz ere, estrategia orokor handiek ahanzten baitituzte askotan errealitate xumeak.

MIARRITZEKO goi bileraren kari Euskal Herrian gatazka bat badagoela plazaratu behar bazen, izan diren gehiegikeriak ulergaitzak dira: espainolez aritzea eta Euskadi Irratiko bulegoen erretzeak, besteak beste. Nazio eraikuntza hiru errealitate desberdinetatik bakarrik pentsa daiteke, hiru errealitate historikoak kontutan hartuz eta bertako beharrei erantzunez. Hau ulertzen ez den bitartean abertzaleen arteko komunikazioa biziki latza izanen da. Abiadurarengatik ala momentu politikoarengatik izan dadin, horren zentzua ulertzen ez den ber, harremanak ez dira aldatuko. ABren sortzeak antolaketa berri bat ekarri digu, politikan aritzeko tresna gehiago, jende gehiago, prentsan agertze gehiago, baina ororen buru emaitza berdinak eta tokian tokiko jendearekiko harremanetan aldaketarik ez. Eremu hori dugu lantzekoa bizitza abertzale bat sortu behar baita herrietan, euskararen desagertzearekin euskal nortasuna urtzen ari baitzaigu eta hau ez da biltzar nagusietan boz batzuen bitartez trenkatzen, eguneroko lanarekin baizik.
Espainiak eta Frantziak ez dute Euskal Herriaren gerorik irudikatu nahi! Militante lana sekulan baino garrantzitsuagoa da!