Donostiako Zinemaldian bi aldizkari aurkeztu zenituzten... Eusko Ikaskuntzako zine sailak, bai. "Ikusgaiak"en 4. zenbakia, eta "Euskonews", gure aldizkari elektronikoa (www.euskonews.com). "Ikusgaiak" azterketa aldizkaria da, sakontasun osoz ukitzen ditu zinematografiarekin eta euskal zinearekin zerikusirik duten gai guztiak.
Zinezaleei zuzendurik al dago "Ikusgaiak"? Beno, zinea ikertzea gogoko dutenei. "Euskonews", berriz, orokorra da eta askoz arinagoa, Eusko Ikaskuntzaren sail zientifiko guztietako iritziak jasotzen dituen arren. 92 zenbaki "sareratu" ditu jada.
Nahikoa lan eginak zarete! Zein da zuen helbururik garrantzitsuena? Ikerketan, praxian eta orohar euskal zinearen hedapenean, hemengo zinegileek ia sistematikoki ahazten dutena transmititzea, hots, zinea egiterakoan ere badela euskal berezitasunak adierazteko erarik.
Larruker eta Basterretxeak "Ama Lur"ekin egin zutenaren antzeko zerbait? Bai, baina hura atzean gelditu zaigu... Orain, Montxo Armendarizek intuitiboki egiten duena kenduta (eta behar bada Elena Tabernak "Yoyes"en egindakoa ere), horrelako ezer ez dago. Beste zinegileentzat, hemengoak izanda ere, loriarik handiena amerikarrei edota espainiarrei ahalik eta hobekien kopiatzea da. Labankada itzela, nire ustez, gure herriarentzat suposatzen duen galera aipatu gabe.