Istorio bati jarraiki, bideo honetan jolasak eta abestiak ikusi eta entzun ahal izango dira. Donostiako Zurriola ikastolako antzerki tailerreko 16 haur, Pirritx eta Porrotx pailazoak, amona Josefina eta Serapio maltzurra dira protagonista nagusiak. Amonaren baserrian egun osoa jolasean pasako dute; sokasaltoan, ezkutaketan, ikusi-makusika, gomatan, baloiarekin... Tartean pertsona ezagunak hurbilduko zaizkie beraiekin jolastera: Mieltxo Saralegi harriekin jolastera, Sakana sokatira taldekoak tiraka jolastera, Martin Berasategi arrautzen jolasera, Olaizola anaiak pilotekin jolastera, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña hitzen jokoa erakustera eta Txan magoa magia egitera. Halaber, fikziozko alkatea, Josune Bereziartu eskalatzailea, Erramun Martikorena eta Tapia eta Leturia etorriko zaizkie.
Bideo berritzailea izango da, orain arte ez baita horrelakorik egin. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko koordinatzaileak azaldu digunez, "erronka berri bat da guretzat. Duela bost urte hasi ginen euskal jolasak errekuperatu eta bultzatzeko proiektuarekin. Horren ondorioz, 'Haur-jolasen abestiak I eta II' zintak eta CDak kaleratu genituen. Ondoren, ikastetxez ikastetxe jolasak erakusteko ikastaroak burutu ditugu". Baina horrekin ez ziren amaitu irakaskuntzako profesionalen eta gurasoen eskaerak, eta horregatik ekin zioten jolasak biltzen dituen bideo honen ekoizpenari.
Hamar egunetako filmazio intentsiboaren ondoren ordubeteko iraupena duen bideoa egin dute. "Hernaniko Zelai-gain baserrian jardun gara errodatzen, nahiz eta handik beste zenbait lekutara ere mugitu: Aizarnara, Santa Barbara eta Hernanira. Benetan eskertu beharrean gaude Zelai-gain baserrikoek eskaini diguten laguntza osoa" azpimarratu nahi izan du Arantxa Urbe Hik Hasiko kideak. "Eta baita pertsonaia ezagun guztiek erakutsi diguten prestutasuna eta jarrera irekia ere bideo honetan parte hartzeko eskatu diegunean".
Gidoia egiten Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Aiora Zulaika (Pirritx), Alex Tetuan, Mertxe Rodriguez eta Harritxu Troitiño jardun dira, eta beraiek izan dira bideoko pertsonaia nagusiei bizitza eman dieten aktoreak. "Guretzat ere esperientzia berria izan da, orain arte egin ditugun bideoak zuzeneko emanaldietan oinarritu baitira, eta hau film antzekoa izan baita" adierazi du Joxe Mari Agirretxek.
Filmazio eta errealizazio lanetan jardun den ITP produktorarentzat ere esperientzia berria izan da. Produktora honek bideoklip ugari egin du talde ezagunekin (Negu Gorriak, Barricada, Sorotan Bele, Celtas Cortos, Tahúres Zurdos, Duncan Dhu, La Oreja de Van Gogh, Rosana, Amparo Sandino, Compay Segundo...) eta baita dokumentalak ere atzerrian (Paraguay, Andeak, Madagascar, Los Angeles, Bolivia, Kuba, India...). Baina ordubeteko iraupena duen film bat egin duten lehen aldia izan da. Urbek dioenez, "guztiontzat apustu handia izan da, zerbait berria delako, orain arte egin ez den zerbait. Egindako lanarekin oso gustura gelditu gara denok, eta ziur gaude arrakasta izango duela".
Bideoak jolasak eta abestiak entzun eta ikusteko aukera emango du, horrela jolasak ikasteko bidea erraztuz. Aldi berean, istorio bat izanik, film bat ikustea bezalaxe da. Horregatik, ikastetxean zein etxean ikusteko moduko bideoa da.
Durangoko Azokarako kalean izango da "Zatoz jolastera!" bideoa. Jolasteko egiten diguten gonbidapen honi muzin egitea zaila izango zaigu.