argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
SALTOKIEN ORDUTEGIAK
Daniel Udalaitz 2000ko urriaren 22a
Joan den astean mobilizazio ugari egin zen, Espainiako Gobernuak saltokien ordutegiaren liberalizazioa dekretatu duelako. Dekretua ezartzen bada, saltokiek astean 70 ordutik gora- larunbat eta igandea barne- lan egitera beharko dute. Egoera honek gogoeta franko iradokitzen du. Lehenik, ordutegiaren arautze ezak saltoki handiei soilik ekarriko die onura eta saltoki txiki ugari itxiko da. Dekretua ezartzeak saltoki txikien kostuak %20 igoaraziko eta ordutegi berriak betetzeko kontratuen degradazioa eta lanpostu galera areagotuko lituzke. Bigarren, halako erabakia euskal subiranotasun ekonomikoari eraso berria litzateke, ez baitigute geure saltokiak arautzen uzten. Horregatik, sindikatu, saltoki txiki eta kontsumitzaileek dekretua errefusatu dute eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari jarrera argi, irmo eta ausarta eskatu diete, saltoki txikietako langileen eskubideak kontuan hartzen dituen arautegi propioa bultza dezaten. Horrela bakarrik saihestuko da aurrerantzean interes ekonomiko handien eta saltoki handien mesederako oihaneko legea izan daitekeena.