Iaz ez bezala, aurten EAJk Gernikako Estatutua ospatu egingo duen ustea zabaldu da. Zer aldatu da urte baten joan etorrian?Estatutuari dagokionez EAJk erantzukizunak banatu egiten ditu. Sozialistek eta popularrek ez dute beren agintaldietan Estatutua bete, eta hala ere, ospatzeko asmoa agertzen dute. Lehendakariak gogoratu die Estatutuaz ezin daitekeela edozein eraz hitz egin. Inork Estatutuaz hitz egiteko asmoa ba badu, Legebiltzarrak onartu duenetatik abiatu behar du. Estatutua ospatzeko lehenengo norberak Estatutuari buruz esan dituenak bete behar ditu. Guk ez dugu Estatutua ospatzeko asmorik, Estatutuaren inguruan dagoen debatea argitzea baizik. Estatutuaren zelaia PP eta PSOEna dela dirudi. Zelaia haiena bada ere, bete dezaten estatutua esaten die EAJk.
ELAk Estatutua agortutzat jotzen du eta honen balizko aukeren atzetik dabiltzanak alferrik ari direla dio. Hori esatea Estatutuari iruzurra egitea da. Estatutua lege bat da eta ehuneko ehunean bete egin behar da. Estatua ez da bete, beraz iruzurra dago. Estatutuaz hitz egin nahi duen inork hitz egin behar du Estatutu osatu batez. EAJk herri honetako parte batek herri honen bizkarrezur politiko eta ekonomikoa antolatzeko aukera eduki duela mantentzen du, eta adinean heldutasuna erakusten duenean jauzi bat emateko prest egongo dela.
Zein norabidean baina? Euskal Herriak gaur egungo estatuen egiturekin berdintasunean oinarritutako erlazio bat mantendu behar du, maila berean. Nahiz eta guk Estatutuaren negoziazioan, Estatutua lehenbizi euskaldunen arteko itun bat izan zela esan, eta gero euskaldunen eta estatuen arteko botereekin itaundu zela, esperientziak erakutsi digu estatuak -bere tresneri guztiekin- interes politikoen arabera interpretatu duela Estatutuaren garapena. Guk iruzur bat dagoela diogu, eta debate politikorik ez den neurrian markoa agortuta dagoela.
Arrazoiak arrazoi, zer bilatzen du EAJk? Adinean herri nagusi bat gara, nazio bat gara, gure gizartea antolatu nahi dugu eta autogobernua ez da kapritxo bat. Espainiako estatuarekin berdintasunezko erlazio bat nahi dugu eta horretarako aldaketa bat beharrezko da. Gure hurrengo jauzi politikoak autodeterminazio eskubidea lortzea izan behar du. Berdintasunezko erlazio horretatik abiatuta, geure kabuz eta herri borondatea errespetatuz erabaki ahalko dugu zer-nolako erlaziorik nahi dugun estatuarekin. Autodeterminazio eskubideak eramango gaitu eszenategi horretara, hau da, berdintasunezko eszenategi horretara.
Benetan posible ikusten duzu hori? Estatutuaren aldaketa bat proposatzen bada, adibidez, lehenengo artikuluan naziotasuna azaltzeaz gain, autodeterminazio eskubidea sartzea onar daiteke. Espainiako Gorteak esango luke ez dagoela ados, beraz, ez dago herri kontsultarik egitea. Espainiako Gobernuak beraz, esango du ez dagoela aldaketarik egitea. Guk esaten badugu herri kon-tsulta egiteko asmoz erreferenduma egingo dugula, hor azal-tzen da gatazka irekia Estatuarekin. Guk jauzi bat ematea proposatzen dugu behintzat.