argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2000ko urriaren 22a

ALBOKAREKIN TOPO

BI egunetan zehar burutuko da aurten Albokarien Hernaniko zazpigarren topaketa. Urriaren 21 eta 22an zehar egitarau zabala prestatu dute Hernani Musika Eskola Publikoko Alboka Taldeak eta Euskal Herriko albokariek. Larunbatean, "Albokaz egindako bidea" kontzertu berezia eskainiko da Juan Mari Beltran albokariaren eskutik. Igandean berriz, Albokaldia burutuko da Ezkiaga Pasealekuan. Horretarako, Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik hainbat albokari hurbilduko da Hernanira. Gazteekin batera, Arratiako Eujenio Etxebarria albokari beteranoa bertan izango da. 1994an hasi ziren Hernanin topaketa hauek antolatzen. Euskal Herriko albokariei elkar ezagutzeko aukera ematea, albokaren inguruko berrikuntzak eta lantzen ari diren musikak ezagutzera ematea eta jende arruntari musika tresna hau gerturatzea dira ekitaldi honen xedeak.


EMAKUMEEN ESANAK SARITUAK

LOURDES Oñederra suertatu da Euskarazko Euskadi Literatur Sariaren garaile "Eta emakumeari sugeak esan zion" liburuagatik, joan den urriaren 7an Donostian ezagutzera eman zenez. Mari Jose Olaziregik, Itziar Zubizarretak, Andoni Egañak eta Kirmen Uribek osaturiko epaimahaiak Oñederraren liburuaren ausardia eta sortzen duen emozioa azpimarratu zuten. Itzulpengintzako Euskadi Saria berriz, Irene Aldasororentzat izan zen James Joyceren "Dublindarrak" liburuaren itzulpenagatik. Kasu honetan epaimahaiak Joyceren mundua euskarara zehaztasun osoz ekarri izana azpimarratu zuen.


ZINE KLASIKOAK ALFABETIKOKI

URRIAREN 17an hasi eta maiatzaren 16a bitartean, "Zinea Atik Zra" izeneko zikloa antolatu du Nafarrroako Unibertsitate Publikoak. "A" hizkitik hasi eta "Z"raino, letra bakoitzari dagokion film bat aukeratu dute horretarako. Filmak telebistan ikusten ez diren eta bideoklubetan aurkitzea ezinezkoa den klasikoak izango dira. Guztira, 24 astetan 24 titulu eskainiko dira. Besteak beste, Shohei Imamuraren "La balada de Narayama", Billy Wilder-en "Fedora", Charles Chaplinen "El gran dictador" edota Mankiewicz-en "La huella". Zerrendan gainera, bi film mutu aukeratu dituzte: "La caída de la casa Usher" eta "La ley de la hospitalidad". Bi hauen proiekzioa pianoaren zuzeneko musikaz lagunduta egingo da. Proiekzioak Olite zineetan egingo dira astearteetan eta asteazkenetan.


ARTISAUTZAREN ALDIA

ORDIZIAN burutuko da aurten ere Artisaualdia 2000. Gipuzkoako Artisauen Elkarteak Gabiltzak eta Ordiziako Udalak antolatuta, 50 artisauk parte hartuko du, horietatik 40 gipuzkoar eta 10 bizkaitar. Artisautza mota ezberdinak landuko dituzte: keramika, larrugintza... Standak eta ekitaldiak Majori polikiroldegian burutuko dira. Azpimarratzekoak dira urriaren 21ean Patxi Gimenez artisauak era zaharrera burutuko duen 250 litroko kupela eta 22an Sergio Makirriainek egingo dituen Harri Aroko tresnak. Gainera, egitarau osoa Interneten ikusi ahal izango da.