Gaur egun bi sozietateetan dagoen kapital egituraren arabera, bat-egite hori une honetan bertan gauzatzen bada, The Chase Manhattan, kapitalaren %15arekin, eta BBVA, %12,10arekin, izango lirateke bazkide nagusiak. Bestalde, Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK) ere leku garrantzitsuan legoke, kapitalaren %6arekin, Bartzelonako La Caixaren antzeko kopurua edukiz.
Iberdrolaren kapitala honela dago osaturik: The Chase Manhattanek %10,170 du, BBVAk %9,889, BBK-k %6, Compañia de Cartera de Inversionesek %7,385, Tractebel -ek%5, Portugaleko EDPk %2,50 eta bestelakoek, akziodun txikiek, %60,296. Bestalde, Endesaren kapital sozialak honako banaketa du: %23 Estatu Batuetako inbertitzaileen esku dago, horien arteko garrantzitsuena, %5,020rekin, The Chase Manhattan delarik; beste %14 Espainiako Estatuko erakundeek dute, BBVA nabarmenduz %2,60rekin; beste %15 kutxek dute, indartsuenak La Caixa eta Caja Madrid izanik, %5,004rekin eta %4,8rekin; beste %25 Europako hainbat erakunderen esku dago, eta, gainerakoa, %23, akziodun txikiei dagokie.
Beraz, oraingo akzio egiturarekin jarraituko balu, enpresa berriaren kapital soziala honela osatuko litzateke: The Chase Manhattanek %15,170 izango luke; BBVAk %12,10; Compañia de Cartera de Inversiones-ek %7,385; BBKk %6; La Caixak %5; Caja Madridek %4,98, eta horiei partaidetza txikiagoko beste bazkide batzuk eta akziodun txikiak gehitu beharko litzaizkieke.
Dena den, eta bat-egitearen bilakaerak hartzen duen bidearen arabera, ikusi beharko da egungo kapitalaren egitura aldaraz dezaketen salerosketa berriak egongo ote diren .
Zein da zein administrazio kontseilu bakoitzean? Euskal oligarkiako familia garrantzitsuak daude Iberdrolako Administrazio Kontseiluan, eta, aldi berean, horietako asko beste finantza erakundeetako kontseilariak ere badira, esate baterako BBVAkoak.
Hona hemen Iberdrolako kontseiluaren osaketa: Manuel Gomez de Pablos ohorezko lehendakaria da; Iñigo de Oriol Ybarra lehendakaria; lehendakariordeak Jose Antonio Garrido eta Jose Domingo Ampuero y Osma (BBVAren ordezkaria). Kontseilari ordezkaria Javier Herrero; Bokalak Victor de Urrutia Vallejo, Rafael Icaza Zabalburu, Jose Maria Rotaeche y Velasco, Ramon de Rotaeche y Velasco, Fernando de Ybarra y Lopez Doriga, Javier Aresti y Victoria de Lecea, Juan de Basterra, Jose Orbegozo Arroyo, Cesar de la Mora, José Luis Antoñanzas, Celedonio Jose de Isusi, Ignacio de Pinedo, Lucas Maria de Oriol, Antonio Garay, Ricardo Alvarez Isasi, Antonio Maria de Oriol, Mariano Ybarra y Zubiria, Jose Ignacio Berroeta (BBKko lehendakaria), Juan Luis Arregui Ciarsolo eta Mario Cristina de Sousa (Portugaleko EDPren ordezkaria).
Endesaren Administrazio Kontseilua, berriz, hauxe da gaur egun: Feliciano Fuster, ohorezko lehendakari; Rodolfo Martin Villa, lehendakari; Manuel Pizarro lehendakariorde (Ibercajako lehendakari ere bada); Rafael Miranda, kontseilari ordezkaria. Bokalak honakoak dira: Alberto Alonso, Rafael Español, Jose Maria Fernandez Cuevas, Jose Manuel Fernandez Norniella, Jose Fernandez Olano, Rafael Gonzalez Gallarza, Francisco Gonzalez Rodriguez (BBVAko lehendakarikide ere bada), Sebastian Retortillo, Francisco Nuñez, Jose Luis Oller Ariño, Manuel Rios Navarro, Jose Serna Massia.