Iraunkorra. Etengabean ari duk botaka. Bota eta bota. Euri jasak eta haize erauntsiak zurrunbilo eroan, orain hemen, geroxeago hor. Ez duk atertzen eta ez dik geldituko denaren antzik. Donostiako gure Egia auzoan izan dik bere gogorrean piztuera. Txontxoneko ondoko egoitza erasotu dik, hainbat urtetan gure amets gauzatuen gunea izandako horixe bera hain zuzen. Karlos, Patas...Tarzón izeneko tenpestak eraman dizkik bere ingurutik Madril alderantz, espainiar Txita goseti guztien asetzeko. Badakik, euren tartekoa ez den oro duk ETA. Orain hogeita hamabost bat urte Donostiako kalabozotan ezagutu nian goierritarra zetorkidak gogora. Bakardadean estu, pentsatzeko beldurrez zegoan zakurrek presoaren gogoeta intimoenak jakiteko ziegatan omen zizkiaten aparailuak zirela eta. Erdi erotua bukatu zian. Orduan pentsatze hutsa baitzuan delitu. Alde horretatik, hobeto gaudek. Orain ez baduk pentsatzen duan hori adierazten, salbu haiz. Bakean utzi ez, baina ez haute eramango. Eta hi ezagutu ez hinduten Txitak hire izena erabiltzen ari dituk beren NODOetan lagunen oinarrizko giza galdera unibertsalenak delitutzat pasarazteko. Ekhaizte latza Joxemi .