Irrati digitalari esker, gaur egun kotxez goazenean FMn izaten diren interferentzia ala seinale galtzeak saihestu ahal izango dira. Dena den, oraindik irrati mota honetako hargailuak handiegiak dira kotxearen aginte-koadroaren ondoan jartzeko eta, beraz, gehienok hauek txikitu ala kotxeak hargailuei egokitu arte itxoin behar izango dugu. Hala ere, 1988ko lehen sistemek maletategi osoa okupatzen zutela kontuan harturik, honetan asko aurreratu dela esan dezakegu, eta jadanik sistema merkaturatzeko moduan dago.
Irrati digitalaren abantailak ugari eta garrantzitsuak dira. Esaterako, hiri handitan emisorak bata bestearen gainean daude, askotan euren artean oztopatuz. Bada, digitalizazioari esker, batak bestea oztopatu ezik, are garbiago entzuten dira. Izan ere, irrati batek maiztasun nagusiaz gain (Euskadi Irratiaren 104.4-a adibidez), bestelako maiztasun lagungarriak izan ditzake, eta, beraz, beti aurkituko du libre dagoen bat. Honez gain, FMn gertatzen diren oihartzunak (seinalea mendi, eraikin eta abarretan islatzen delako) ezinezkoak izango dira irrati digitaletan, hauekin aipatutako oztopoak "emisore lagungarri" bihurtzen direlako, uhinak urrunago eta hobeto hedatuz.
Teknologia honi esker, soinuaz gain testu eta irudiak bidal daitezke; irrati digitalaren hargailuan pantaila dago, eta lerro batzuetako testua ere azal dezake, emisorearen eta programaren izena gehi zirkulazio eta eguraldiari buruzko datuak jasotzea ahalbidetuko diguna, irudi eta-guzti. Jakina, batzuek horrelako pantailak publizitatea jasotzeko euskarri egokia izan daitekeela pentsatu dute jadanik. Irudiak soilik banan-banan ikusteko aukera dagoenez, besteak memorian gorde eta Interneten erabiltzen dugun sistema berberaz (aurrera eta atzera) ikusiko dira.