Zerbitzu honen bidez, Euskal Irrati Telebistak, Yahook euskaraz zein gazteleraz dituen edukiak hobetuko ditu.
Egunero, EITBk Iurretan duen egoitza nagusitik, Yahooren egoitzara informazio orokor zein kiroletako eguneko albiste nagusiak igorriko dira, irudi eta azalpenekin batera, Yahook bere web orrialdeetan sar ditzan.
Ondorioz, eduki hauek orain arteko "eitb.com"en bidez zabaltzeaz gain "yahoo.es"en bitartez ere ezagutaraziko dira. Atari hau egunero bisitatzen duten milioika pertsonen ikusleri potentziala aprobetxatu nahi da.
Albisteak aukeratzeko orduan, informazio orokorrekoak "Canal Vasco"ren erredakzioarekin batera burutuko dira, eta kirolekoak, berriz, kirol erredakzioan bertan adostuko dituzte. Ondoren, Yahoo-ko arduradunek informaziook beren orrialdeetan zehar banatuko dituzte, mundu guztiaren eskura utziz.
Irudi eta soinua izango duten eguneroko bi albiste hauei, astean behin eskainiko den musikarik onenaren bilduma gehitu behar zaie. "Topaleku" irratsaioaren bidez egingo da hau. Gogora dezagun astean behin Euskadi Gaztea emisorak entzuleen iritziak bildu eta "top" edo kanta entzunenen zerrenda egiten duela.
EITBren edukiak Yahoo-n azaltzerakoan, bion arteko marka baten inguruan izango da eta www.eitb.com web gunearekin lotura zuzena izango du. Hau guztiaz gain, EITBk Yahoo aukeratu du bere bilaketa zerbitzurako.
Gainera, hitzarmena sinatzeak, "eitb.com"en edukiak mundu osoan eta momentuan zabaltzea ekarriko du eta baita EITBren web gunearen hobekuntza ere. Izan ere, hemendik aurrera, kirol sailak bere orrialdea izango du irudi onenez hornituta, eta "Euskadi munduan" atalak, bere berriemaileen sarearekin batera, eguneko albisterik garrantzitsuenak bideo formatoan izango ditu.
"Yahoo España" delakoa (www.yahoo.es) estatuan dagoen Interneterako ataririk bisitatuena da eta gazteleraz gain estatuko beste hizkuntza ofizialetan ere aritzen da, lehenbizi gazteleraz agertzen bada ere bere edukietara euskara, katalan eta galizieraz ere iritsi baitaiteke.