argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
TRISTEA BENETAN
  • Gure etxeak eraiki eta berritzeko euskaldunok haritza behar dugula dirudi. Eta bertako hariztiak agortuak direnez, atzerriko basoetako kolonizatzaile bihurtu gara.
Jakoba Errekondo 2000ko urriaren 15
Egurretik ematera nator gaur. Baserria berritzen ari naizela eta, egur artean dabil nere burua azken hilabete hauetan. Habeak, zutabeak, zapatak, solibak, kapirioak, astozaldiak, bantzuak, txinalgak, ziriak, txarrantxak, lata eta abar buruan zilipurdika dabilzkit. Sekula sekulorum bizitzen omen den zuretarako zuhaitzak hil egiten dira, akabatzen utziko bagenitu ez baikenuke probetxu handirik. Hiltze horrek aztoratuta nauka. Euskaldun, benetako euskaldun izateak ia haritz-zura ez beste erabiltzera behartzen duela dirudi. Ohitura honek inguruko hariztien desagertzea ekarri duenez urrutiagokoetan jarri ditugu begia eta motozerra. Frantzia, Kanada, eta abar dira gure izakera kolonizatzailearen bazka. Edozein dirutza ordaintzeko prest gara gure kutixia bete dadin. Gure aldean ederki kudeatzen dituzte basoak eta kolonizatuarentzako pagotxa den artean gaitzerdi. Haritzaren dirutza ordaindu nahi ez duenak Afrika, Hego Amerika eta Asiako zur tropikal merkeak erabiltzen ditu, gehienetan. Hau bai dela benetako kolonizatzea. Basoak eraisteko enpresak antolatzen ditugu eta baso-mutilak merke; gure ontzietan garraiatu eta marinelak merke eta baso haien kudeaketa hiltzaileari jasangarria abizena gehitzeko hemengo teknikariak erosten ditugu eta aurrera! Begira zertan oinarritzen ditugun kontzientzia zipitzik gabe eraikitako gure etxe euskaldunak... Tristea benetan!