argia.eus
INPRIMATU
Pablo Sastre
"NOBELA HONETAN INONGO PARABOLARIK EZ DAGO"
Pilar Iparragirre 2000ko urriaren 15
Non koka daiteke "Henriren irudia": nobela beltzean, errealismo magikoan...?
Toki jakin batean ez. Ez dut literatur sail zehatz batean kokaturik ikusten. Beharbada, azken urteetan irakurri ditudanen eragina izango du... baina ez era konkretu batean.

Gure herriaren parabola ez da izango, behintzat?
Inola ere ez. Hor parabolarik ez dago.

Hobe! Izan ere, nobelako protagonistak inongo euskarririk ez du, etengabe Godot berria izan daitekeen Henri horren bila dabil, eta akabua, gor da esaten zaion guztiari...
Beno, ostatuan buila asko dago, eta ezin du ondo aditu besteek diotena... Horretan zerikusi handia du, agian, neure buruan, ametsetan-eta, nola hautematen ditudan gauza horiek. Gauza harrigarriak gertatzen baitira ametsetan...

Baina berari zuzentzen zaizkionean ere ez du entzuten...
Hori bada! Ametsetan bezala!

Garbi ez dut ulertu zertarako bilatzen duen Henri...
Horrekin nobelaren gakoan sartuko ginateke, eta nik hori irakurle bakoitzaren eskuetan utzi nahi nuke.

Zein helbururekin idatzi duzu nobela hau?
Ez dago helbururik. Horrela atera zait istorioa, hori da dena. Eta parabolarik ere ez dago. Nobelako pertsonaia bakoitzak bere bizimodua du, eta orduan Xan, alegia protagonista, azaltzen zaie. Datorren tokitik etorrita, ez du ezer ulertzen, ez du ingurua ere lehen zen bezala ikusten eta erabat galduta dabil...
Ezagutzen ditudan hirietatik ametsen bidez egindako beste hiri bat da bera dabilena.