argia.eus
INPRIMATU
MENOPAUSIAREN TRATAMENDUA
  • Menopausia garaian Euskal Herriko emakumeen laurdenak tratamendu berezia jarraitzen du klimaterioaren sintoma eta arriskuak saiheste aldera.
Jabier Agirre 2000ko urriaren 15
Menopausia izeneko etapa horretan sartuak dauden euskal emakumeen % 25,6k tratamenduren bat hartzen du, klimaterioaren sintomak borrokatzeko. Hala ere, % 18 bakarrik joaten dira urtero-urtero bere ginekologoarengana. Datu horiek eman ziren ezagutzera Menopausiaren Informazio Zentroak 1999ko martxotik ekainera bitartean egindako ikerketa soziologiko baten bidez.
Inkesta horretan 10.000 emakumek hartu zuten parte, eta Euskal Herriaren zonari dagozkion emaitzek frogatzen dutenez emakumea gehien kezkatzen duten arriskuetako bat Alzheimerra da, eta atzetik datoz min artikular eta muskularrak, bularreko eta umetokiko minbizia, eta baita gaixotasun kardiobaskularrak ere.
45 urtetik 55era bitartean dauden lau emakumetik batek osteoporosia duela uste du, eta % 57ra iristen da hezur-hausturaren bat edukitzeko arriskuak kezkatzen dituenen portzentajea. Adin horretako % 42,6 emakumek uste du bere osasun-egoera ona dela, eta % 25,6k dioenez tratamenduren bat jarraitzen du. Dieta edo jan-neurria % 28,3k zaintzen du, % 11,4k kaltzio-gehigarriak hartzen ditu eta % 7,6 dira ariketa fisikoa egiten dutenak. Aurreko lanean azpimarratzen genuen bezala puntu horiexek dira gomendio edo aholku bezala landu beharrekoak hain zuzen ere.