Jakinekoa da aitzakiak egoki jartzea arrazoiak baldar ematea baino eragingarriagoa dela komunikazioan. Zer esan ez dakigunean zer esan asmatzea ez da erreza izaten. Zutabegileoi askotan gertatzen zaigu hori. Gairik apartatu ezin eta jardun eta jardun egin behar zerbait esaten ari garen itxurari eusteko. Neu ere zulo berean eror ez nadin, egokiena adibide bat jartzeari derizkiot. Adibide ezaguna da. Parisko Pedadogia Museoan gordea daukate. Mutiko baten idazlana da eta barkatuko didazue itzulpenaren egokitasunik eza. Gaitzat honako hau ipini zioten: deskriba ezazu ugaztun bat edo hegazti bat.
Eta honako hau da bere idazlana:
"Hontza da idazteko aukeratu dudan hegaztia. Hontzak egunez ez du ikusten, eta gauez satorrak baino itsuagoa da. Egia esan, ez dakit askorik hontzari buruz, beraz, beste animalia bat aukeratuko dut. Adibidez, behia.
Behia ugaztuna da. Sei alde ditu: eskuinetakoa, ezkerretakoa, behekoa eta goikoa. Atzeko aldean buztana izaten du, eta buztanean zintzilik, brotxa. Brotxa honen bidez euliak uxatzen ditu, esnetara eror ez daitezen. Buruak adarrak irteteko balio dio, eta gainera ahoak nonbait egon behar du ezta? Adarrak borrokarako erabiltzen ditu. Azpiko aldetik esnea dauka. Jaisteko moduan ekipaturik dago behia. Jaisten hasitakoan esnea isuri eta isuri hasten da, eta ez da sekula jariorik agortzen. Nola moldatzen diren behiak? Ez dut inoiz ulertu ahal izan. Baina gero eta oparoago ematen dute esnea.
Behiaren senarra idia da. Idia ez da ugaztuna. Behiak ez du askorik jaten, baina jaten duen hura bi aldiz jaten duenez, aski izango al du! Goseak dagoenean urrumaka hasten da, eta isilik badago, barruan belarra daukan seinale. Bere hankak lurreraino iristen zaizkio. Behiek oso garatua dute usaimena, eta ondorioz oso urrutira usaindu ahal izango ditugu. Horrexegatik izaten da mendiko haizea hain garbia!"
Espero dut gozatualdi bat hartuko zenutela. Baina zergatik gertatzen zaigu hain irrigarri mutiko honen idazlana? Egia begibistakoak begibistakoak ez bailiran ematen dizkigulako gehienbat. Ez al da egia behiari hankak lurreraino iristen zaizkiola? Ez al da egia jeisteko moduan ekipaturik daudela? Ez al da egia ahoak nonbait egon behar duela eta behiek birritan jaten dutela, jaten dutena?
Akats txikiren bat salbu, idiarena, Pernandoren egiak eta logika bitxia ( usaimen garatua dute, beraz urrutira usain ditzakegu eta ondorioz mendiko haizea garbia da) konbinatzeak demaio idazlanari grazia. Eta batipat, apaltasuna azaltzen du. Hontzaz ezer gutxi dakienak behiaz idazten hasteko adina zuhurtzia behar luke.
Nik gaur Ibarretxeri jarritako zensura mozioaz idazteko asmoa nuen, baina horri buruz ez dakit asko, eta erabaki dut behiari buruz idaztea. Eta harira datorrenez... Zergatik ez zioten Ardanzari zensura moziorik ipini? Behin, Filipinetan zelarik, Euskal Herrian atentatu bat izan zen. Euskadi Irratirako ari zen zuzenean eta honela adierazi zuen: "Beisu: nik beste munduaren puntatik garbi esan nahi dut...". Beste munduaren puntatik alajaina! Ez munduaren beste puntatik! Konparaketa eginez, idiarena ez da bekatu larria. Eta Ibarretxerena ere ez.