Donostiako prentsaren arabera, Hego Euskal Herrian abian jarri zen lehen irratia Radio San Sebastian izan zen. Berau 1925eko urriaren 4an sortu zen eta inaugurazioko koktelarekin eta lehen emisioarekin ospatu zuten hasiera.
Hego Euskal Herrian irratiak 75 urte betetzen dituela esan genezake. Estatuko lehen lizentziak urtebete lehenago eskaini ziren, Madril eta Bartzelonan, baina asmakizuna laster gurera etorri zen.
Felix Gamarra 1940an hasi zen Radio San Sebastianen lanean; hainbat urtetan programazio arduraduna izan zen, eta 1972tik 1983 arte zuzendari. Gaur egun jubilatua dago, baina emisoraren historiaz gehien dakienetakoa da: "Irratia Sabino Uzelaieta Mendizabalek ireki zuen 1925ean, baina bi urte beranduago 'Union Radio'ri eskaini behar izan zion, honek irrati konbentzional gisa funtzionatzeko azpiegitura guztia zuelako. Kontuan izan behar da garai horretan oso irratsaio gutxi egiten zirela, eta programazioa kultura eta kirol ekitaldiekin betetzen zela, kontzertuak, futbol edo pilota partidak eta abar".
Urte horietan jadanik aktore-talde bat sortzen ari zen, 40ko hamarkadan osatuko zena. Antzerki-lan klasikoak irratiratzen zituen taldeak. "Irratinobelak ez, hauek Madrildik zetozelako, baina zartzuelak egin zituzten. Musika diskoen bidez antolatzen zuten eta gero beraiek antzezten zuten", dio Gamarrak.
Lehen hamarkada hauetan programazioak ordu gutxi irauten zuen, lau bat ordu goizean eta beste hainbeste gauean, eta ezeren gainetik arrakastatsuena "Eskainitako Diskoa" dei genezakeena zen. Honez gain, "doble o nada" edo "El tiempo es oro" bezalako lehiaketek ere oihartzun zabala izaten zuten, "baina askoz diru gutxiago jokatuz, noski, bost bat ogerleko besterik ez".